NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Kuttune taldeak iragana, oraina eta geroa batu ditu «Zer ote da?» disko berrian

Kuttune taldeak bigarren diskoa plazaratu berri du, “Zer ote da?”. Oinarria euskal folklorea badu ere, iragana, oraina eta etorkizuna uztartu nahi izan dituzte, ikerketa lanaren, fusioaren eta esperimentazioaren bidez, hurrenez hurren. Jendaurrean gaur bertan aurkeztuko dute eta Durangoko Azokan ere emanaldi bat egingo dute.

Kuttune taldeko kide batzuk, atzo, aurkezpenean.
Kuttune taldeko kide batzuk, atzo, aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Fusioa da Kuttuneren esentzia», azaldu zuen Nerea Quincocesek taldearen bigarren diskoaren aurkezpenean. Bederatzi musikarik osatzen dute proiektua, Quincocesek gidatuta. “Zer ote da?” lana plazaratu berri dute Elkar argitaletxearen eskutik. Hain zuzen, Quincoces bera arduratu da lan berriko konposizio eta moldaketa gehienez, eta taldeko ahotsa eta perkusio jotzailea ere bada.

Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean dagoen Elkar disko eta liburu dendan egin zuten disko berriaren aurkezpena, atzo. Andres Camio “Jitu” Elkar etxeko musika saileko arduradunak azaldu zuen euskal folklorea dela lanaren oinarria, betiere iragana, oraina eta geroa batera uztartzeko baliatzen dituzten fusioa, ikerketa lana eta esperimentazioarekin batera.

Quincocesek adierazi zuen «egun inguruan badaukagula beste jatorri batzuetako musikaren eragina», hala nola Afrika iparraldeko doinuena, eta arrasto hori nabari dela «Zer ote da?» diskoan.

Halaber, taldearen buruak azaldu zuen diskoa Jose Antonio Urbeltz musikologoaren liburu batean oinarrituta dagoela. Hamabi kanta dira guztira, erdia konposizio eta moldaketa propioak eta beste erdia kantutegietatik hartutako abestiak.

Gaineratu zuen «arbasoek utzi diguten kulturan oinarritutako» musika dela sortzen dutena, Kuttune talderen bereizgarria den fusioaren eraginarekin.

Quincocesekin batera, beste zortzi musikarik osatzen dute Kuttune taldea: Jordi Acusa baxu elektrikoaz eta moldaketez arduratzen da; Charlie Santiago, ahotsez; Pablo Davila, albokaz eta klarineteez; Aingeru Torre, saxofoiez, eta “Zure begi ejerra” kantuaren moldaketaren egilea da; Tania Loza pianistak koruak ere egiten ditu; Pablo Bueno gitarra jotzailea ere aritzen da koruetan, eta disko fisikoan datozen argazkiak harenak dira; Unai Olabarrik bateria jotzen du; eta Irene Gil de Sotok txirula jotzeaz eta koruak egiteaz gain, letrez ere arduratu da. Diskoaren azala Alejandro Quincoces margolariak egindako koadroa da.

Gil de Sotok aurkezpenean poema baten bidez azaldu zuen berarentzat diskoaren esentzia zein den: «Iragana... Zer ote da? / Gaur garenaren zergatia / Izango garenaren muin harria / Gure sena. Gure erroa. Gure ildoa». Bere hitzetan, «diskoaren haria transmisioa da».

Adierazi zuen plazaratu berri duten lanean «gure paisaiari, tradizioei eta emakumeen rolari» garrantzia eman nahi izan dietela, letrei erreparatuz gero agerian geratzen den bezala.

Atzo bertan kaleratu zuten diskoa, eta ohiko plataformetan ere eskuragarri dago, formatu hori nahiago dutenentzat. Nolanahi dela, hiru single argitaratuta zituzten lehendik, aurrerapen gisa. Diskoa bukatzen duen “Airezko etxea” izan zen lehendabizikoa, Jon Maia bertsolariarekin batera zuzenean grabatutakoa.

“Ondo bizi liteke” kaleratu zuten aurrenekoaren ondoren eta, azkenik, diskoari izena ematen dion “Zer ote da?” zabaldu zuten. Azken kantu honi bideoklipa ere egin diote, Mecca Recording Studioren eskutik. Lana aurkezteko lehen kontzertua Zinema Ikusezinari buruzko zikloan egingo dute gaur bertan, Bilboko Alondegian, 19.00etan. Horrez gain, Durangoko Azokan beste emanaldi bat eskainiko dute, azaroaren 11n, 19.00etan.

Aurkezpenean aditzera eman zuten sarrerak laster salgai egongo direla taldearen webgunean (https://www.kuttune.eus/).