Urte amaiera arte doan lan eginen dute Ipar Euskal Herriko emazteek
Les Glorieuses kolektiboak duela zortzi urte ekin zion soldata-arrakalaren eragin zehatza neurtzeari. Euroestat-en zenbakiak baliatuz, aurten azaroaren 6tik -zehazki 11.25etik goiti- urtea amaitu arte frantses Estatuko emazte langileek doan lan eginen dutela ohartarazi du taldeak.

Iragan urriaren 24an soldata- arrakala eta emazteen aurkako indarkeria salatzeko greba egin zuten Islandian. 1975. urteaz geroztik Europako iparraldeko herrialdean izan den mobilizazio esanguratsuenetako horren ostean, azaroaren 30erako, zaintzarako eskubidea erdigunean ezarriz, greba eguna deitua du Euskal Herrian mugimendu feministak. Bi mugarri horien artean, atzo, literatura eta borroka feminista lotzen dituen Les Glorieuses kolektiboak lansarien arrakalaren gaineko neurketak eman duen azkeneko emaitzaren berri eman zuen.
Aurten, azaroaren 6an, 11.25ean hasita, urtea amaitu arte musu-truk lan eginen dute frantses Estatuko emakumeek; beraz, baita Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherekoek ere; hori ohartarazi zuen agiri batean aipaturiko kolektibo feministak.
«Ondoko 56 egunetan emazteek ez lukete lan egin behar haien lankide gizonen soldata mailarekin parekatzeko» mahaigaineratu zuten Les Glorieuses taldeko kideek.
Generoan oinarrituriko soldata-arrakalari buruz europar erakundeek eskaintzen dituzten estatistikak baliatuz egiten du Les Glorieuses-ek aurreikuspen hori urtero duela zortzi urtetik. Hain zuzen, Eurostatek sortzen dituen estatistikekin jokatuz zehazten ditu data eta ordua.
#6Novembre11h25 traola erabilita, neurketa horren berri ematearekin batera oharra plazaratu zuen atzo taldeak.
Besteak beste, Elisabeth Borne lehen ministroak txioa bota zuen hashtag hori baliatuta soldata-arrakalaren aurka borrokatzen jarraitzeko engaiamendua hartuz.
Halaber, datu ofizialetan oinarritu arren, nolabaiteko mesfidantza sumatu du kolektiboak bere neurketarekiko. Ironia puntu batekin harridura agertu du taldeak «jasotzen dugun galdera nagusia ea nola kalkulatzen dugun data zehatza delako; ez, ordea, zergatik urteak joan urteak etorri berdintasun falta horrek bere horretan jarraitzen duen».
SOLDATA-ARRAKALA %15,4KOA
Azkeneko neurketaren arabera, gizonen eta emazteen arteko soldata-arrakala %15,4koa da frantses Estatuan. Iazkoa %15,8koa izan zen.
«Egoera ez dela apenas aldatu» deitoratzearekin batera sinadura bilketa abian eman dute Les Glorieuses-ek Gobernuari hainbat aldarrikapen helarazteko.
Lehenik eta behin, diru publikoarekin laguntzen diren kontratazioetan berdintasunaren klausula betearaztea eskatu dute taldeko kideek. Bigarrenik, feminizatutako sektoreetan berehala soldata igoera aplikatzea eskatu dute.
Hirugarrenik, haurren zaintza bermatzeko emazte eta gizon langileentzat baimen berbera aurreikustea galdegin dute kolektiboko kideek.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
