Alfontso DIEZ

ANTSOTEGI HOTELA, 20 URTE «MENDIAN GORA»

Etxebarriko hotelak ospakizuna izan du aste honetan, erakundeetako ordezkarien, bezeroen eta lagunen babesarekin. 20 urteko ibilbidean «mendia eskalatzen ikasi» dutela adierazi zuten jabeek.

Hernando-Etxebarriatarrak, ekitaldian.
Hernando-Etxebarriatarrak, ekitaldian. (LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA)

Orain 20 urte ekin zioten bideari Kata Etxebarriak eta Emilio Hernandok, Antsotegi burdinola hotel bihurtu zutenean. Geroztik, proiektuak hamaika oztopo -2008ko krisia, covid19arena...- gainditu behar izan ditu, baina aurrera segitzen du, osasuntsu. «Mendia eskalatzen ikasteko modurik onena izan da», adierazi zuen Gontzal Hernando Etxebarriak -hotelaren arduradun da egun, Julen eta Pello anaiekin batera- ekitaldi hunkigarrian. Ez zen doako esaera izan; Emilio aita zena Everest 1980an igo zuen lehen euskal espedizioaren partaide eta gure alpinismoan aitzindari izan baitzen. Antsotegi hotelak aintzatespen mordoxka jaso ditu urte hauetan, eta Rusticae elkartearen kide da. Baina badu beste ezaugarri nabarmenik ere: Lea-Artibaiko komunitatearekin konpromiso irmoa du, kulturaren sustapenean aritzen da, kirol eta gizarte mailako proiektuak babesten ditu... «Bizi-proiektu bat» bilakatu da, eta hori guztia aitortu diote aste honetan.