GARA
DONOSTIA

Fortuna Handien gaineko zerga onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zerga zehazten duen foru araua onartu zuten atzo. 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetuko dira 2023ko ekitaldian, eta lau tarteko tarifa ezarriko du. Tipo maximoa 14,5 milioi eurotik gorako ondareek ordainduko dute, %3,5.

Jokin Perona Finantza diputatua, asteazkenean eginiko bilera batean.
Jokin Perona Finantza diputatua, asteazkenean eginiko bilera batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zerga onartu zuten atzo. 3,2 milioi eurotik gorako ondareak zergapetuko dira eta 14,5 milioi eurotik gorako ondasunek %3,5eko tipoa ordainduko dute, altuena.

Arabako eta Bizkaiko ganberek hilaren 15ean onartu zuten zerga hau, baina Gipuzkoan atzerapenez iritsi da baiespena; EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoez, EH Bilduren abstentzioaz eta PPren ezezkoez. Zerga hau Ondarearen Gaineko Zergaren osagarria izango da eta aldi batez aplikatuko da.

EAEko hiru aldundietan PPk ezezko botoa eman dio aberatsenak zergapetzeko neurriari, baina Gipuzkoan harago joan eta osoko zuzenketa aurkeztu zion EAJren eta PSEren lehenengo zirriborroari, esanez zergak diru gutxiegi bilduko zuela -300.000 eta 400.000 euro artean biltzea aurreikusten zuen lehenbiziko proposamenak-, baina bilketa oparoagoa izateko proposamenik egin gabe.

Elkarrekin Podemosek, aldiz, EAJrekin eta PSErekin akordioa erdietsi eta Fortuna Handien gaineko zergaren tipoak igotzea lortu zuen, irabazi gehien dituzten eta, beraz, zerga gehien ordaintzea dagokion tartearen atalasea 16 milioitik 14,5 milioira jaitsiz. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako aberatsek gutxiago ordainduko dute Estatuko sistemaren eraginpean daudenen aldean. Izan ere, Gobernu espainolak, 2022an EH Bildurekin akordioa egin ondotik, 10,6 milioi eurotik gorako diru ondasunak zergapetzen ditu %3,5eko tipo maximoarekin.

Atzo Batzar Nagusiek onartu zuten, beraz: 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetzea eta lau tarteko tarifa ezartzea. Hala, %1,7ko tasa aplikatuko da 3,2 milioi euroko likidazio oinarritik aurrera; %2,1ekoa 6,4 milioi eurotik aurrera; %2,5ekoa 12,8 milioi eurotik aurrera, eta %3,5ekoa 14,5 milioi euroko likidazio oinarria gainditzen den kasu guztietan.

Fortuna Handien gaineko Zerga aldi baterako izango da eta 2023ko ekitaldian bertan aplikatuko da, hau da, 2024ko errenta kanpainan.

BERMEAK

Gipuzkoako Aldundiak onartutako foru arauak Fortuna Handien gaineko zergaz besteko neurriak ere jasotzen ditu. Ogasun eta Finantza diputatu Jokin Peronak aurkeztu zituen neurriok, adieraziz testuinguru ekonomikoan fiskalitateak «herritarren finantza sendotasuna eta ongizatea» bermatu behar duela, bereziki, «kolektibo ahulenena».