Arabako sagardo berria, Kuartangon
Kuartango sagardotegian ireki zuten atzo Arabako txotx denboraldia, Mikel Landarekin. Orografiak «izaera berezia» ematen dio.

Kuartango sagardotegian, behinola Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxea izandakoan, ireki zuten atzo aurtengo txotx sasoia Araban. Trebiñukoarekin eta Aramaiokoarekin batera, 180.000 sagar-kiloko uztatik sortutako 120.000 litroko ekoizpena «nahiko ona» izan dela nabarmendu zuten. Baia ibaiak bustitzen duen Kuartango herriko sagardotegiaren jabeak, Benito Peciñak, azpimarratu zuenez, Araban sagardoa egiten duten upategiak «gutxi gara, baina onak». GARAri azaldu zionez, klimaren soiltasunak, orografiak eta lurraren mineralizazioak «izaera berezia» ematen dio Araban ekoizten den produktuari.
Mikel Landa txirrindulari arabarra izan zen urteko lehen zurrutada hartu zuena, sagarrondo bat landatu ondoren. Gonbidapenagatik eskerrak emateaz gain, Kuartangon izateak «ilusio berezia» egiten ziola aitortu zuen, Badaia, Arkamu eta Gibillo-Urkabustaiz mendilerroek biltzen duten bailaran «pasa ditudan momentu onengatik» eta familiaren loturagatik.
«Ea garaipenen bat edo podiumen bat Arabako sagardoarekin lagun dezakegun», esan zuen itxaropentsu kirolariak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
