LABek 50. urtemuga ospatuko du, «sindikalismo eraldatzailea zabalduz»
Inoizko afiliazio eta ordezkaritza handienarekin, 50. urtemuga ospatuko du LABek, «sindikalismo eraldatzailea zabaltzeko bokazioz». Sindikatuaren eta oro har euskal langileen ibilbidea jasotzen duen bi euskarri argitaratuko ditu, eta Iruñean jaialdia egingo du Maiatzaren Lehenean.

LABeko antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta koordinatzaile orokor Igor Arroyok prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, sindikatuaren 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko asmoz. 50.000 afiliatutik gertu eta Hego Euskal Herrian ordezkaritza handieneko bigarren sindikatu bilakatuta, «euskal sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzeko borondatea» adierazi zuten.
Arroyok adierazi zuenez, «korrontearen kontra jaio eta korrontearen kontra hazi da LAB». Izan ere, errealitate berriei erantzuteko eta sindikalismoa birpentsatzeko ariketa sakona egin du azken hamarkadan: «Aitzindaria izan zen euskal sindikalismoan nagusi zen androzentrismoa auzitan jartzen, barne plan feminista bat abiarazten, zuzendaritza parekidea ezartzen, Idazkari Nagusi emakumezkoa hautatzen. Aitzindaria, sindikatua eta lan mundua euskalduntzeko plangintzak martxan jartzen».
«Hasieratik, egiteko beste modu bat izan da gurea. Interes korporatiboak baino euskal langileen borroka hauspotzea izan da gure lehentasuna. Negoziazio kolektibora mugatu ez eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoa praktikan jarri genuen. Autonomismoaren mugak salatu eta Euskal Herriaren independentziaren alde egin genuen», nabarmendu zuen atzo Arroyok.
Ibilbide honetan zehar, LABek defendatutako ideietako asko euskal sindikalismoan «nagusi bilakatu» direla azpimarratu zuen: «Izaera soziopolitikoa, kontrabotere ikuspegia, independentismoa, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldeko apustua, ekintza sindikal feminista eta antirrazista...».
URTEURRENAREN MUGARRIAK
50. urteurrenaren harira, sindikatuaren eta oro har euskal langileen ibilbidea jasotzen duen bi euskarri argitaratuko ditu LABek: batetik LABen historian oinarritutako dokumentala, eta, bestetik, azken 50 urtean Euskal Herrian izan diren gertakari historikoetatik hautatutako 50 mugarri biltzen dituen argazki liburua. «Zer izan garen eta nondik gatozen kokatzen lagunduko diguten euskarriak dira», azaldu zuen Garciak.
Urteurrenaren inguruko ekitaldiak apiril hasiera eta maiatzaren lehena bitartean izango dira. Apirilaren 8an dokumentalaren estreinaldia egingo da Bilboko Euskaldunan. Ondoren, herriz herri proiekzio eta solasaldiak antolatuko dituzte Euskal Herri osoan. Maiatzaren Lehenean, berriz, manifestazio nazionala, ekitaldi eta jaialdia egingo da Iruñean.
Horretaz gain, Sindikatuaren azken Biltzar Nagusiari segida emango dioten hitzorduak izango dira aste honetan bertan: Federazioetako eta Ekintza Sozialeko Biltzarrak. Eremu bakoitzeko argazkia egin eta ildoak lantzeko, osotara 750 kide bilduko dira lau hitzordutan: urtarrilaren 24an Industria, 25ean Zerbitzu Pribatuak, 26an Zerbitzu Publikoak eta 27an Ekintza Soziala.
INOIZKO AFILIAZIO ETA ORDEZKARI GEHIEN
Afiliazio datuen berri ematean, sindikatuak inoizko hazkunderik handiena izan duela adierazi zuen Garciak: «2023. urtea 49.476 afiliaturekin itxi dugu. Parekorik ez duen hazkunde bat da: %24,73ko igoera hamar urtetan».
«Datu horiek erakusten dute, sindikatua langile guztiontzat aterki eta borrokarako tresna eraginkorra izan dadin LABek hartutako erabakiak norabide onean doazela. Hala nola feminizatutako, prekarizatutako eta arrazializatutako sektoreetara hurbiltzeko apustua. Edo diru sarreretan oinarritutako afiliazio kuota sistema. Egoera ekonomikoa edozein izanik ere, LABek ez du inor atzean uzten. Diru sarrera handiagoa dutenek ekarpen handiagoa egiten dute, denok sindikatua bidelagun izan dezagun», azaldu zuen.
Emakumeen parte hartzeari aipamen berezia egin zion Garciak. Izan ere, afiliatuen artean gero eta gehiago dira emakumezkoak (2013 urtean %38, 2023an %44,15): «Sektore feminizatuetan antolatu eta borrokak pizteko egiten dihardugun lanaren emaitza da eboluzio hau».
Hauteskunde sindikalei dagokionez, berriz, bilakaera positiboa izan du LABek eremu guztietan. Nafarroan izan da igoera handiena, azken hamar urteetan 4 puntu baino gehiago igo baita ordezkaritza mailan.
Kontuak horrela, EAEn bigarren sindikatu gisa amaitu du urtea (%20ko langa gaindituta), eta Nafarroan %18ko ordezkaritzara heltzear dela (%17,95). «Igoera honen eraginez, bigarren sindikatua bilakatu gara Hego Euskal Herrian, CCOO gaindituz, %19,60ko ordezkaritzarekin», nabarmendu zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
