GARA
BILBO

Batez besteko soldatak erosahalmena galdu du, bere maximoetan egon arren

Adeccoren azken txostenaren arabera, EAEko eta Nafarroako batez besteko soldata nominala inoizko altuena izan zen 2023ko laugarren hiruhilekoaren amaieran: 2.197 eta 2.093 euro hilean, hurrenez hurren. Estatu espainoleko batez bestekoa gainditzen du Hego Euskal Herriak. Hala ere, erosteko ahalmena %4,6 eta %1,8 jaitsi da.

LAB sindikatuaren elkarretaratzea, soldatetan IPCaren igoera eskatzeko.
LAB sindikatuaren elkarretaratzea, soldatetan IPCaren igoera eskatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Adecco Group Institutek, Adecco Taldean dagoen ikasketa eta dibulgazio zentroak, enplegu aukera eta gogobetetasuneko ikerketaren txosten berri bat plazaratu zuen atzo. Horren arabera, EAEko eta Nafarroako batez besteko soldata nominala inoizko altuena izan zen 2023ko laugarren hiruhilekoaren amaieran. Hala ere, erosteko gaitasuna galdu du.

Batez besteko soldata nominalak 2021ean hasitako errekuperazio prozesuarekin segitzen du, eta hamaika hiruhilekotan jarraian urte arteko igoera izan du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, batez besteko ordainsaria %4,6 hazi da urte batetik bestera, eta maximo historiko berri bat ezarri du: 2.197 euro hileko. Nafarroan ere batez besteko soldata 2.056 eurora heldu da (%6,2 igoerarekin).

Horrela, EAEk eta Nafarroak Estatuko sailkapenaren bigarren eta hirugarren lekuan jarraitzen dute, hurrenez hurren, Madrilen atzetik (2.282),

Izan ere, urte arteko igoera izan da Estatu espainoleko erkidego guztietan. Orotara, batez besteko soldatak %5,4ko igoera izan du, 1.920 eurotara helduz eta maximo historiko berri bat markatuz.

Baina lau autonomia erkidegok bakarrik gainditzen dute batez besteko hori: Madrilek, EAEk, Nafarroak eta Kataluniak, hain zuzen ere. Beste muturrean daude Extremadura (1.533), Kanariar uharteak (1.630), Murtzia (1.674), Andaluzia (1.709) eta Gaztela eta Leon (1.713). Soldata handiena duen erkidegoaren eta txikiena duenaren arteko aldea areagotu egin da 2023an, eta 749 eurora iritsi da.

Inflazioa batez besteko soldataren bilakaeratik deskontatzean, erosteko ahalmenaren aldakuntza lortzen da. Azken zortzi hiruhilekoetan metatutako aldaketak kontuan hartuta (Adeccok aldi hori hartzen du soldataren erosteko ahalmenaren aldaketak aztertzeko), ikus daiteke batez besteko soldatak bigarren urtez jarraian galdu duela erosteko ahalmena.

EAEren kasuan, batez besteko soldataren erosteko ahalmenak %4,6ko galera izan du, hau da, urtean 1.265 euro gutxiago. Ehunekotan, erkidego guztien artean, EAEkoak hirugarren galera handiena izan du eta, Adeccok zehaztu duenez, diru balioetan, erkidego batek ere ez du galdu hainbesteko erosahalmena.

Maila txikiagoan bada ere, Nafarroako batez besteko soldatak ere behera egiten jarraitzen du, erosteko ahalmenari dagokionez. Adeccoren datuek %1,8ko jaitsiera erakutsi dute, hau da, inflazioaren eraginez, batez besteko soldata kobratzen duen nafarrak, urtebeteren buruan, 462 euro gutxiago ditu poltsikoan. Nafarroa izan zen aurreko urtean erosketa galera handiena izan zuen erkidegoa, eta orain seigarren postuan dago.

Estatu espainolean batez besteko soldatak ere erosteko ahalmena galdu du bigarren urtez jarraian; zehazki, %2,6 2023an. Gainera, batez besteko soldataren erosteko gaitasuna %8,8 txikiagoa da serie historikoak duen erosteko ahalmen handiagoa baino, 2009koa izaten jarraitzen baitu. Egungo kopuruak ere 2000. urtekoak baino txikiagoak dira.