Eli PAGOLA
DONOSTIA

Landare Elkartea: «Nekazari txikien beharra dugu planeta hobetzeko»

Landare Elkartea ezagutu dugu. Produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkartea, Iruñerrian. Esparru horretan bilatzen du tokiko eraldaketa soziala, eta proiektuaren berri emateko bildu ditugu NAIZ Irratiko «Gelditu makinak» saioan REAS-Nafarroako Pitu eta Landareko Goiatz Goñi. 32 urteko ibilbide ederra ospatzen ari dira.

Iruñeko Arrotxapea auzoan dagoen Landare dendako produktuak.
Iruñeko Arrotxapea auzoan dagoen Landare dendako produktuak. (LANDARE.ORG)

Elikagai ekologikoez hitz egitean, nolabait esateko, badaude bi adar. Batetik, ekoizleei begiratzen zaie, ea nola ekoizten duten produktua, eta, bestetik, erosten dugunak zigilu ekologikoa ote duen begiratzen da. Uste izatekoa da bide beraren bi zati direla, baina eskarmentuak erakutsi digu uste izatea ez dela beti nahikoa. 30. urteurrena ospatzen ari da Landare, noiz eta 32 urte bete dituenean. Ospakizunetan pixka bat luzatu dira, bai, baina ganoraz ospatu nahi duenarentzat eta halako ibilbide luzea daramanarentzat, zer dira, bada, bi urte.

1991ren hondarrean elkartu zen «talde hippy ero horietako bat» jaten zutenaren eta ingurumenaren osasunaren arteko oreka bilatu nahian eta, pixkana-pixkana, 28 langile izatera heldu dira. Goñik ez du erantzun laburrik Landare zer den erantzutean: «Denda bat da, almazen bat, baina gauza asko ditu atzetik. Ekoizleekin bitartekaririk gabeko harreman zuzena dugu eta, horrez gain, komunitatean lanketa soziala, ekonomikoa eta lurrarekiko kontzientziari begirakoa egiten dugu».

EREDUGARRIA

Pituk, REAS-Nafarroako komunikazio arduraduna izateaz gain Landareko bazkide denak, proiektuan sakontzeko amu ederra bota digu: «Landare Iruñerrian ezaguna da, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetarako eredugarria izan daiteke». Produktu ekologikoen kontsumitzaile elkartea da Landare; hala ere, bertan ez dituzte elikagai ekologikoak bakarrik saltzen, Goñiren iritziz, zigilu horrek ez duelako bermatzen elkarteak ekologikotzat duen guztia. «Noraino nahi dugu ekologikoa bakarrik? Zer balio dute gertutasunak eta konfiantzak? Non dago muga? Lantzen dugu zigilurik ez duenarekiko konfiantza, baina konfiantza hori nolabait bermatu behar da». Bestalde, produktuaren egokitasuna ziurtatzeko zenbait parametro dituzte: «Garrantzi handiagoa ematen diogu hortik bizi denari igandeetako baratzea duenari baino, edo emakumeekin lan egiten dutenei».

Bide beretik mintzo da Pitu; ekologikoaz gain, kontuan hartzeko arlo gehiago badaudela uste du: zero kilometroa, ekoizpen jasangarria, inguruarekiko eta pertsonekiko errespetuzkoa. «Nafarroan landa eremuan oso baratze aberatsak ditugu, baina zer baldintzatan ekoitzi diren ekologikoak diren hainbat produktu zalantzagarria da». Kontzientzia eta balio batzuen babesean izanagatik, denda bat denda bat da eta zer saldua izatea dagokio. Pituk dioenez, «beti izango ditugu kanpotik ekarritako produktuak; kafea, adibidez, baina, bazkide bezala, konfiantza daukat erosten eta jaten dudana baldintza egokietan ekoitzia izan dela».

Goñik adibide bat ekarri du: «Arbendolekin gertatu zaigu. Bertakoak ez ziren saltzen garesti zeudelako; beraz, bietatik izatea erabaki genuen, bertakoak eta kanpokoak».

ERAGILE INTERESGARRIA, IA 4.000 BAZKIDEREKIN

Nekazariak protestan ari diren honetan, merkaturatzaile eta kontsumitzaile ikuspegitik gaiari heldu diote. Izan ere, Goñik Landareko barazki eta elikagai freskoen ardura du eta nabari du azken urtean ekoizle txikietan beherakada gertatzen ari dela, dela lan baldintza eskasengatik, klimaren ondorioz laboreak galtzen ari direlako edota beste zenbait arrazoirengatik. Landaretik egin dezaketena «ekoizle txikiak babestea eta laguntzea» da «planeta hobetzeko nekazarien beharra dugulako». Eragile interesgarria izan daiteke, ia 4.000 bazkidera heldu baita eta, gertukoek ere eros dezaketenez, komunitate koskorra delako.

32 urteko ibilbide ederra ospagai, beraz, Landarek. Beste adibide bat ikusteko nola garatu daitekeen komunitate kontzientziatu eta solidario bat bazkide, gertuko ekoizle eta eragileen sareari esker.