Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Greba mugagabea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun-garraioan

Greba mugagabea hasi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun-garraioko langileek. %100eko jarraipena izan zuen atzo LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako lanuzteak. Bilbon, Basurtutik Lakuaren egoitzaraino manifestazioa egin zuten.

Manifestazioa egin zuten langileek Bilbon.
Manifestazioa egin zuten langileek Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun-garraioko langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESKek deituta. Euren egoera Osakidetzako langileenarekin homologatzea eskatzen dute -azpikontratatutako beharginak baitira-, baita erosahalmena berreskuratzea ere, LABeko Jonathan Resurreccionek azaldu zuenez. Deitzaileen arabera, grebak %100eko jarraipena izan zuen.

Izan ere, erosahalmenaren %17 galdu dute hitzarmena negoziatzen ari diren bi urteotan. Hain zuzen ere, negoziazioak aurrera egin ez izanak bultzatu ditu grebara, eta espero dute ostegun honetarako deituta duten negoziazio- mahaian eragina izatea. Egun horretarako ere deitua dute mobilizazioa, 10.30ean.

Langileek mobilizazioa egin zuten Bilbon, eta salatu zuten «hitzarmenaren mahai negoziatzailea blokeatuta dagoela, enpresek borondate gutxi dutela eta Osasun Saila ez dela ezer egiten ari sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko». Basurtuko Ospitaletik abiatu zuten manifestazioa, Lakuako Gobernuak Kale Nagusian duen egoitzaraino.

Salatu zuten urtebete joan dela negoziazioak hasi zituztenetik, eta enpresek ez dietela erantzunik eman sindikatuon aldarrikapenei; «ez da edukirik egon negoziazio mahaian».

Azaldu zuten enpresek finkagarria ez den paga eskaini dietela, urteko %2,5eko soldata igoera bost urtean zehar eta urteroko zortzi orduko lanaldi murrizketa indarraldirako proposatzen dituzten bost urteetan. Badituzte, halaber, enpresek mahaigaineratu ez dituzten aldarrikapen gehiago.