Langileei so egiteko, eiffel itxita

Eiffel dorreko langileak greban daude, eta ondorioz itxita dago Frantziako hiriburuko gune turistikoenetariko bat.

Eiffel dorrea itxita, langileen greba dela eta.
Eiffel dorrea itxita, langileen greba dela eta. (Kiran RIDLEY | AFP)

«Greba bat dela eta, Eiffel dorrea itxita dago. Barkatu eragozpenak», irakur daiteke Pariseko dorrerik ezagunenaren aurrean, bisitarientzat informazioa irakurri ohi den pantailan. Eiffel bigarren egunez jarraian itxita egon zen atzo, bertako langileen greba dela-eta. Monumentuaren finantza kudeaketa txarra salatzeko daude greban SETE enpresa emakidaduneko beharginak. «Eredu ekonomiko bideragarri eta errealista» bat bilatzea; arrazoi hori eman zuten CGT Lanaren Konfederazio Orokorra eta FO Langile Indarra sindikatuek, duela astebete greba iragarri zutenean. Aldarrikapenen artean, Eiffel dorrea kudeatzeko eta mantentzeko aurrekontu eskasa izateaz kexatu ziren, baita gehiegizko diru-sarrerak aurreikusteaz ere, urtean balizko 7,4 milioi bisitatan oinarritzen baita, eta ez da inoiz lortu. Sindikatuek Parisko Udala kritikatu dute -SETEren %99ren akzioduna da- negoziatzera eseri nahi ez izateagatik. Enpresak 360 pertsona inguru enplegatzen ditu, eta Udalarekin finantza parametroak birnegoziatzen ari den unean ekin diote grebari. Olinpiar Jokoen aurretik irtenbide bat aurkitzea espero dute sindikatuek.