GARA

ODISEO AIREONTZIA ILARGIRA IRITSI DA

Odiseo ontzia ilargian da, Malapert A kraterrean. Estatu Batuek ilargiratzea lortu duten bigarrena da; Apolo 17 izan zen lehena.

Lantaldea, Odiseo moduluaren jaitsierari adi.
Lantaldea, Odiseo moduluaren jaitsierari adi. (David SWANSON | AFP)

Bidaia luzea izan da, milioi bat kilometro baino gehiagokoa, baina lortu du: Intuitive Machines enpresaren Odiseo modulua arrakasta handiz iritsi zen ilargira. Estatu Batuetako erdialdean osteguneko 17.23ak ziren, 00:23ak Euskal Herrian, ontziak ilargiko lurra zapaldu zuenean. Malapert A kraterraren ertzean pausatu da, ilargiaren hegoaldeko polotik 300 kilometrora. «Houston, Odiseo bere etxe berrian da», baieztatu zuen Timothy Crain misioko zuzendariak. «Gaur, mende erdi baino gehiagoan lehen aldiz, Estatu Batuak ilargira itzuli dira», esan zuen NASAko administratzaile Bill Nelsonek, Odiseoren iritsiera egiaztatu eta gutxira. Azken aldia, eta lehenengoa, 1972an izan zen, Apolo 17 misioarekin. Malapert A kraterrean, 100 gradutik gorako tenperaturak erregistratzen diren tokian, zazpi egun inguru igaroko ditu Odiseok. NASAren tresnez gain, moduluak bezero partikularren enkarguak ere badaramatza; besteak beste, Columbia arropa markaren material isolatzailea eta Jeff Koons artista plastikoaren 125 eskultura txiki.