EDITORIALA

Bazterrak nahasteko filtrazioa

Villabonako Udalak mozio bat onartu zuen herenegun, Tolosako inauterietan foam bala baten tiroak begia kaltetu zion Xuhar gazteari elkartasuna adierazteko. Halaber, mozioak ondorio atzeraezinak eta Poliziaren neurrigabeko esku hartzea salatzen zituen, eta erantzukizunak argitzea eskatzen zuen. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, baina EAJko eta PSEko zinegotziek kontra bozkatu zuten, bertaratutakoen haserrea eraginez. Deigarriena izan zen, ordea, Arantzazu Rojo EAJko zinegotziak barne ikerketako datu batzuk erabili zituela bere jarrera defendatzeko. Biharamunean, Vocento taldearen orrietan ere publikatu zen ikerketaren filtrazioa.

Filtrazioak beti dira interesatuak, beti bilatzen dute helburu bat. Kasu honetan, argi dago Ertzaintza errugabetzeko eginda dagoela, arduradun politikoek ere beren erantzukizuna disimulatu ahal izan dezaten, Ertzaintzaren neurriz kanpoko jarduera batengatik. Filtrazioaren atzean dagoen intentzionalitateak zalantza asko sortzen ditu orain martxan dagoen barne-ikerketaren irismenari buruz. Era berean, Josu Erkorekak zuzentzen duen Sailak polizia-karga horren alderdi guztiak argitzeko gardentasunez jokatzeko borondaterik ez izatearen susmoak areagotu besterik ez ditu egiten. Hala eta guztiz ere, filtrazioak foam jaurtigaien erabilera berretsi du. Horrez gain, lesioa errebote baten ondorioz gertatu zela dio, ez zela tiro zuzen baten ondorioz izan. Denbora egongo da alderdi horiek argitzeko. Oraingoz, gertatutakoak Polizia eredu zaharkituak bere horretan jarraitzen duela baieztatu du.

Xuhar Herri Plataformak Villabonako osoko bilkuran esan zuen bezala, ez da garaia egoera lokazten jarraitzeko, arduraz jokatzeko garaia baizik. Baina horretarako, lehenik eta behin, arduradun politikoek haien erantzukizuna bete behar dute, aurpegia eman, zaurituekin hitz egin eta asmo txarreko filtrazioak alde batera utzi. Baina horrek esan nahi du Polizia gero eta bortitzago, sektarioago eta espainolistago baten arazoari ere heldu behar zaiola. Eta horretarako borondate handirik ez dute erakutsi egungo arduradunek. Nolanahi dela, gero eta premiazkoagoa da beste polizia eredu bat.