«Estatu konkretu batean baino, leku konkretuetan jarri behar da hatza»
«Europako ur gezetako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da». Titular handia da EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketatik atera dena. Titularrek, ordea, maiz eskatzen dute irakurketa xehatuago bat. Helburu horrekin elkarrizketatu dugu Aitor Larrañaga Arrizabalaga Landare Biologia eta Ekologia saileko irakaslea, NAIZ Irratian.

Europako 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1969 eta 2020 bitartean bildutako datuetan oinarritutako ikerketa bat argitaratu dute “Nature” aldizkarian. Ondorioa argia da: eten egin da Europako ibaietako biodibertsitatearen errekuperazioa. Azalpenak argi-ilunak azaleratu ditzakeelako, Gelditu Makinak saiora gonbidatu dugu Aitor Larrañaga EHUko Ibai Ekologia taldeko kidea.
Zergatik ikertu dituzue ibaiak?
Ibaiek gogor pairatzen dituzte gizakiaren kutsadura eta ustiatze ekintzen ondorioak. Hala ere, ez zegoen kontinente osoan ibaietako biodibertsitateetan izandako bilakaeraren berri ematen zuen ikerketarik. Lehorreko intsektuetan galera izugarria dela frogatua dago eta ur gezetan ere hala izan ote den ikusi nahi genuen. Ibaiena da epe luzeko bilakaerari buruz dugun informazio ekologiko detailatuena. Urtero behin baino gehiagotan ikertzen eta lagintzen dira, tokian tokiko ordenantzek hala eskatzen dutelako. Informazio hori jaso, homogeneizatu eta modu ulergarrian tratatu dugu kontinente mailan.
Biodibertsitatea aztertzeko zeri begiratu diozue?
Ornogabeetan zentratutako laginketa eta identifikazioa egin dugu, besteak beste, espezie mailan, genero mailan eta familia mailan. Gure hipotesia zen errekuperazio bat ikusiko genuela ez direlako ikusten garai bateko erreka eta ibai zikin horiek: apardunak, kolore ezberdinak… 1990 inguruan hasitako laginak erabili ditugu Euskal Herrian eta bagenekien hobekuntza bat ikusiko genuela. Baina hobekuntza hori noiz izan den, nolakoa izan den... Lan deskriptibo bat egitea zen helburua. Europako sareei esker, dagoen informazio ’guztia’ daukagu. Kontua da lekutik lekura laginketak asko aldatzen direla. EAEn muturreko laginketa dugu, munduan oso leku gutxitan egiten den bezalako laginketa-programa, eta, aldiz, beste batzuetan, minimoak betetzeko soilik egiten dituzte. Horregatik, datuen kalitatearen ikuspuntutik zehaztu dira ikerketa-lekuak.
Nolakoa da Europako ibaien egoera?
Errekuperatze bat egon da, baina, oraindik, puntu beltzak Europa osoan sakabanatuta ikusten dira. Ondorio orokorra da hatza jarri beharrean estatu edo eremu konkretu baten gainean, jarri behar dela leku konkretuen gainean eta, guk ere, Euskal Herrian baditugu puntu batzuk non lan gehixeago egin behar den.
90eko hamarkadan hobekuntza handia izan zen. Ondoren, kolpetik hartu zuen beheranzko joera. Zergatik?
Azken hiru hamarkadan hobera egin du biodibertsitateak, baina 2010etik hobekuntza geldirik dago. Leku batzuk asko hobetu dira eta gero eta gutxiago dago hobetzeko, baina era berean, ditugun puntu beltzak nahiko kutsatuta daude. Egia da, bestalde, lan asko egin dela uraren kalitatea hobetzeko araztegiak eraikitzeko planteamenduarekin, baina lan dezente dagoela oraindik, adibidez, ibaiko dibertsitatearentzako garrantzitsuak diren kontuetan.
Basoak bere kasa garatzen utzi dira. Ugaritze horretan, etengabe ikusten ditugu espezie exotikoak, platanondoa adibidez. Ibaiertzetan izugarri ondo bizi da eta haltzak agertu beharko lukeen eremuetan gain hartzen du. Edo banbua. Izugarrizko baso hertsiak sortzen ditu eta beste espezieak kanporatzen ditu. Jakina, platanondoaren eta banbuaren orbela alderatzen badugu haltzarenarekin, oso kalitate eskasekoa da. Lan egiten ari den alderdi bat da ibaietako habitataren kudeaketa; adibidez, barrerak kentzen.
Ibai ekosistemak kaltetzen dituzten presio berri eta iraunkorrak daudela diozue ikerketan.
Baso politika eta ibaietako oztopoak, dudarik gabe, hor daude; oso garrantzitsuak dira eta kudeatzaileek modu serioagoan hartu beharreko kontuak dira; besteak beste, badaudelako horien eragina leuntzeko erak. Era berean, gaur egun daukagun beste kezka bat izugarrizko garrantzia hartzen ari dena da mantenugaiak ez diren eta ikertzeko zailagoak diren substantzien eragina zein den aztertzea: farmakoak, pestizidak, industriak sortutako konposatu berriak…
Jakina, aipatu ditudan presioak dira gizakiak kudeatu ditzakeenak eskala lokal batean.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
