EDITORIALA

Garaipen txiki batzuk Martxoaren 3aren oroitzan

Urtero bezala, martxoaren 3an, Gasteizen, duela 48 urte poliziaren karga bortitz baten ondorioz hildako bost langileak eta zauritutako ehundik gora gogoratu zituzten. Oroitze eta omentze jardunaldi hori, 2006an bezala, oztopatu egin zuen Ertzaintzak. Manifestazioaren aurka oldartu zen, hainbat pertsona zauritu zituen eta gutxienez lau pertsona atxilotu zituen. Edozein huskeria aitzakia gisa baliatzen du Ertzaintzak, errepresio jarduera horiek errepikatzen jarraitzeko, herri honetan ezer aldatu ez balitz bezala.

Zorionez, beste gauza batzuk aldatzen doaz, motelegi bada ere. Ostiralean, Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro espainolak lore-eskaintzan parte hartu zuen, hildako langile horien omenez eraikitako monolitoan. Mende erdi igaro behar izan da, lehen aldiz, Espainiako Gobernuko ministro bat mota horretako ekitaldi batera joateko. Era berean, nabarmendu behar da azken urte honetan beste aurrerapen batzuk ere egin direla erakundeen eremuan. Zaramagako elizan langileen aurkako polizia-indarkeriaren biktimak oroitzeko memoriala eraikitzeko proiektua pausoak ematen ari da. Alde batetik, Martxoaren 3ko Oroimenezko Fundazioa eratu da, Elizaren eta erakundeen partaidetzarekin, eta, bestetik, urte hauetan guztietan gertaera tragiko haien memoria bizirik mantendu duen elkarteak, Martxoak 3 elkarteak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Gogora institutuarekin, memorialaren sorreran aholkuak emateko eta parte hartzeko bideak ezartzeko. Ia berrogeita hamar urte pasatu behar izan dira beharginen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan hil ziren langileen oroimenak Gasteizen espazio propioa izan dezan.

Azpimarratzekoa ere bada atzo egindako omenaldian alderdi politiko guztietako ordezkariak izan zirela. Bakoitzaren motibazioari dagokionez, espekulatu baino ezin da egin. Nolanahi ere, presentzia hori elkarte memorialisten kemenari esker lortutako garaipen txiki bat izan da. Haatik, oraindik egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen inguruan, badago zer egin.