Langabezia zertxobait murriztu da otsailean Hego Euskal Herrian
Urtarrileko igoeraren ondotik, otsailean zertxobait hobetu dira langabezia datuak Hego Euskal Herrian. 141.582 langabe daude, iaz baino %2,13 gutxiago. Enplegua, ordea, sektore prekarioetan sortzen ari da, lan baldintza kaskarrekin eta egoera zaurgarrian dauden herritarren bizitzetan inpaktu zuzenagoa izanez.

Otsailaren amaieran 141.582 lagun zeuden langabezian Hego Euskal Herrian, atzo Lan Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera. Urtarriletik zertxobait jaitsi da kopurua (350 pertsona gutxiago), hilabete txarra izan baitzen hura enplegurako Eguberrietako kanpainaren ondoren.
Nafarroa izan da otsailean langabetuak ugaritu diren lurralde bakarra (374 gehiago). Denera 31.037 pertsona daude enplegurik gabe lurralde horretan, emakumeak gehiago (18.830) gizonak baino (12.207).
Zerbitzuen sektorean zenbatu dituzte langabetu gehienak Nafarroan (21.322). Jarraian datoz industria (3.643), eta aurretik enplegurik izan ez duten lagunak (3.427). Nekazaritzan 1.293 langabetu daude; eraikuntzan, aldiz, 1.352.
Afiliazioari dagokionez, 1.752 nafar gehiago daude gizarte segurantzan alta emanda urtarrilean baino (%0,58 gehiago). Hala, azken hilabeteetako beheranzko joera hautsi da. 2021etik otsailean izandako gorakadarik handiena da. Gainera, orain dela urte bat baino 5.852 afiliatu gehiago daude (+%1,96).
KONTRATU GEHIENAK, ALDI BATERAKOAK
20.590 kontratu sinatu dira Nafarroan, urtarrilean baino %10,6 gutxiago, baina 2023ko otsailean baino %5,5 gehiago. Horietako gehienek aldi baterakoak izaten jarraitzen dute. 5.159 soilik dira mugagabeak (laurdena). Halere, urtarrilean %4,6 gehiago dira, eta orain urtebete baino %10,2 gehiago.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 110.545 langabe daude orotara enplegu zerbitzu publikoan izena emanda, aurreko hilabetean baino 684 gutxiago (-%0,61).
Jaitsierarik handiena Gipuzkoan gertatu da: 382 langabe gutxiago daude bertan urtarrilean baino (-%1,29). Guztira 29.165 pertsona dira.
Bizkaian, 280 lagun gutxiago daude enplegu zerbitzu publikoan izena emanda (-%0,45); denera, 62.478 dira.
Araban, 22 langabe gutxiago zenbatu dituzte (-0,12); guztira, 18.902 pertsona.
GEHIENAK, EMAKUMEAK
Lanbiden izena emandako gehienak emakumeak dira: 68.831. Urtarriletik 333 andre gutxiago dira, eta iazko otsailean baino 934 gutxiago. Gizonak 46.714 dira, urtarrilarekin konparatuta 351 gutxiago eta joan den otsailarekin alderatuta 817 gutxiago.
Zerbitzuetan apaldu da gehien langabezia: urtarrilean baino 912 langabe gutxiago dira; 2023an baino 1.693 gutxiago. 77.712 langabe daude sektore honetan. Industrian, 166 lagun gutxiago dira urtarrilean baino eta 746 gutxiago iaz baino. Denera, 10.514.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 4.376 pertsona gehiagok kotizatzen dute aurreko hilean baino. 1.007.567 afiliatu daude gizarte segurantzan. Iazko otsailean baino 19.418 gehiago dira. Otsailean 55.986 kontratu sinatu dira, urtarrilean baino 3.765 gutxiago eta iazko otsailean baino 5.495 gehiago.
SINDIKATUEN IRAKURKETA
LABek azaldu zuenez, Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe. «Zaintza lanen ardura nagusia bizkar gainean hartuta, gero eta emakume* gehiago ari da lan merkatura igarotzen. Hauen enpleguaren kalitatea ezbaian dago, ordea».
ELAk adierazi zuenez, langabezia ia ez da murriztu, eta, gainera, gazteen langabeziak %3,6 egin du gora: aurreko hilean baino 438 langabe gehiago daude. CCOOk, aldiz, emakumeen egoera txarrean jarri zuen fokua: «Langabezia datuetan eboluzio okerragoa dute bai hilabeteari eta bai urteari begiratuta».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
