GARA

«EGUNEAN BEHIN», ARRAKASTA KASU BAT

CodeSyntax enpresak orain bost urte plazaratu zuen galdera-erantzunen jokoa. 220.000 jokalari eta 50 milioi partidatik gora izan ditu.

Aurreko Korrikaren amaiera festan «Egunean Behin»-en partida kolektiboa jokatu zuten.
Aurreko Korrikaren amaiera festan «Egunean Behin»-en partida kolektiboa jokatu zuten. (Idoia ZABALETA | FOKU)

CodeSyntax Eibarko enpresak 2019an sortu zuen “Egunean Behin” app-a. Ordutik, 220.000 jokalarik 50 milioi partidatik gora jokatu dituzte. Galdera-erantzunen jokoa plazaratu zenetik «Euskal Herriko entretenimendu kulturaren zutabe» izan da, adin eta jatorri guztietako jokalariak erakarri baititu. «Bere sinpletasunak, dibertimenduarekin eta galderen eta erantzunen erronkarekin batera, gizarte bileren, jaien eta familia ekitaldien artean denbora-pasa gogokoenetarikoa bihurtu du», adierazi dute sortzaileek.

Pozik ospatzen ari dira “Egunean Behin”-en bost urteak. Denbora honetan zenbat hazi eta garatu den ohartzen dira, gainera. Josu Azpillaga enpresako kideetako batek esan duenez, hasieratik helburua izan dute jokalari guztiei esperientzia dibertigarri eta hezitzaile bat eskaintzea. Jokalari komunitatearen etengabeko babesa eskertu nahi dute, baita lagun izan duten enpresa eta erakunde sare zabala ere.

Mugarri hau ospatzeko, «zozketa bereziak, sari zirraragarriak, Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariaren kamiseta esklusiboak eta jokalarientzako galdera berriak» prestatu dituzte.