EDITORIALA

Ramadana da Gazako sarraki betean

Gazan gosez hiltzen ari direnentzat zer axola du Ramadanak, axola badu? Musulmanen hilabete sakratuan gertatzen dena gertatzen dela ere, derrigorrezko barauan baitaude aspalditik. Urruti gabe, atzo bertan, hamabost palestinar gosez hil ziren. Gehienak haurrak. Hil direnentzat eta hiltzen ari diren Gazako palestinarrentzat Ramadanak oso bestelako esanahia izango du. Etxegabetuta, jendez lepo dauden plastikozko aterpetan ospatu beharko dute, fundamentuzko jatekorik gabe, ur garbirik gabe. Ogirik ere ez dute gosea kentzeko. Aspaldi ari dira egunean hala moduzko otordu bat egiten, beren seme-alabek jan ahal izateko. Airetik jaurtitzen dizkieten elikagaiak batzeko ere beldur dira, paraxuta zabaltzen ez bada azpian harrapatuta hil edo elikagaiak hartzera hurbilduz gero ez ote dituzten hilko, «irinaren sarraskian» tiroz hil zituzten ehun palestinarrekin egin bezala. Ez dute meskitetan otoitz egingo, Gazan ez dagoelako zutik irauten duen meskitarik. Ez dute erosketarik egingo familiarentzat, oparirik edo jantzi berririk erosiko etxeko txikientzat, ez dute etxeko dekorazioa zainduko.

Ez da Ramadan garaian su-etenik izango, nazioarteko bitartekariak eta hedabide handiak hori iradokitzen ibili badira ere. Zinismoa eta hipokrisia nagusitu dira, kontzientziak astindu eta zuzentasun etiko minimoena asaldatzeraino: AEBek paraxutetan elikagaiak jaurtitzen dizkiete Gazako palestinarrei, errepidez eramateko aukera erraz eta gauzagarriak badauden arren. Eta Israeli, bitartean, Gazako palestinarrei jaurtitzeko bonbak ematen dizkie. Su-etena kosta ahala kosta nahi zutela esaten aritu dira Tel Avivi, beste mezu hau pasatzen ziotelarik: «Ez itzazue palestinarrak Ramadanean hil, geroago hiltzeko aukera duzuenean». Hala, sarraski handiago baten itzala hurbil ikusten da, Netanyahu berak lau haizeetara aldarrikatu duen Rafah hiriaren aurkako oldarraldiarekin.

Nolanahi ere, Gazan Ramadana ospatuko dute, pazientziaren izpiritua sendotzen duelakoan. Ahal den neurrian, poz poxi bat zabaltzen saiatuko dira, Ramadanak Jainkoarengana gerturatuko dituelakoan. Jainkorik bada, beren sufrimendu guztia egunen batean askatasunarekin saritu dezala. Oxala!