100 KM EGITEKO, 5 MINUTUZ KARGATU

Smart Charging enpresarentzat sortu du Ikerlan euskal enpresak ibilgailu elektrikoentzako «karga ultralasterreko» teknologia.

Ikerlanek ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare azkarra sortu du.
Ikerlanek ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare azkarra sortu du. (Jon URBE | FOKU)

Ikerlan euskal zentro teknologikoak Wattson Smart Charging enpresarentzat karga ultralasterreko teknologia aurkeztu zuen atzo. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko Estatu espainoleko sare mugikorrik azkarrena sortu dute; autoa 15 minutuan kargatzeko gaitasuna du, egungo sistemak zortzi ordu behar dituenean. Sare elektrikoa ez saturatzeko sistema sortu dute eta bi ibilgailu aldi berean kargatzeko gaitasuna du. Furgoneta baten barruan dago sarearen instalazioa; horrela, enpresak kargagailuak bezeroaren kokapenera eramaten ditu zerbitzua emateko.

Orain arteko hiru arazo edo erronka nagusiri aurre egin diete asmakuntza berri honekin. Batetik, kargatzeko gune bat aurkitu beharra izan ohi da ibilgailu elektrikoen arazo nagusietako bat, eta sortu duten kargatze sistemaren bidez arazo horri irtenbidea eman diote, furgoneta bera baita bezeroarengana joaten dena ibilgailua kargatzeko. Bigarrenik, kargatzeko denbora ere asko murriztea lortu dute, horixe izaten baitzen beste arazo nagusia. Eta, azkenik, sare elektrikoan potentzia-gailur handiak jasan ditzakeen sistema sortzea lortu dute.