EDITORIALA

Totem mugiezinak eraitsiko ditu klima krisiak

Aspaldi abisatu zuten askok merkatu libreari ateak zabaltzeko sinatu diren nazioarteko itun zenbatezinak arrisku bat direla, besteak beste, klima larrialdiak eskatzen dituen politika publikoak ezartzeko. Munduan 2.500 merkataritza akordio inguru daude, inbertsoreen eta estatuen arteko tirabirak argitzeko arbitraje mekanismoak aurreikusten dituztenak. Estatu batek inbertsoreen interesen kontrako erabaki bat hartzen duenean, ohiko sistema judizialetatik at dauden prozeduretara jo dezakete enpresek. Asko gertatzen ari da klima krisiaren harira hartutako erabakiekin. Adibidez, gobernu batek ikatz zentralak debekatzen baditu, sektorean interesak dauzkan inbertsoreak arbitraje sistema horretara jo dezake, kalte ordain eske. Estimazio batzuen arabera, ekintza klimatiko globalak 340.000 milioi euroko demandak eragin ditzake.

Honek estatuen gaitasuna mugatzen du nabarmenki. Horretaz jabetuta, eta klima larrialdiaren arriskuen jakitun, merkatu librearen defendatzaile sutsu diren Europako Batasuna eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OECD, ingelesez) bezalako instituzioak arbitraje sistema horiek jomugan jarri dituzte. Europako herri askok Energiaren Kartaren inguruko Ituna utzi nahi dute horregatik, eta OECDk akordio horiek helburu klimatikoekin lerrokatzeko ekimena abiatu du.

Erakunde hauek ez dute epifania batek mugituta ekiten. Ez dute, inondik inora, bere izateko arrazoietako bat den merkatu librearekin amaitu nahi, baina badirudi ulertu dutela gauzak ezinbestean aldatu behar direla, eta orain arte zeharkatu ezin zituzten zenbait marra gorri zapaldu beharko dituztela. Onartezin batzuk onartzen hasi dira, tartean, inbertsoreen botere mugagabeak eta ekintza klimatikoa bateraezinak direla. Ez dute borondate onak bultzatuta jokatzen, jakina, beharrak ziztatuta baizik. Krisi ekosozialaren konponbidea ez da itun horiei aldaketa txiki batzuk eginda iritsiko, baina halako erakundeek haientzat totemak direnak eraisteko prest egoteak eman behar luke zer hausnartu, errezeta zaharrek ez baitute balio datorrenari aurre egiteko.