Nerea LAUZIRIKA

Lehen fasean 51 gorpu aurkituta, bigarren saioa Zornotzako hilerrian

Jakina zen Zornotzako hilerrian 36ko gerra garaiko hobi bat zegoela, edo, behintzat, inoiz egon zela. Iragan maiatzean kata bat egin eta zerbait egon bazegoela baieztatu ondoren, abenduan lur zati bat altxatu eta 51 gorpu aurkitu zituzten Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Gorpuzki gehiago daudela eta, Aste Santuan itzuliko dira.

Abenduan hainbat gorpu aurkitu zituzten Zornotzako hilerriko esparru batean.
Abenduan hainbat gorpu aurkitu zituzten Zornotzako hilerriko esparru batean. (GARA)

Euskal Prospekzio Taldeko kidea da Alberto Sampedro. Zornotzan bizi da duela bi hamarkadatik eta hilerrian 36ko gerra garaiko gorpuak zituen hobi bat egon zitekeela jakin zutenetik, gogoa izan du Aranzadi Zientzia Elkartearen barruan antolatuta duten boluntario taldearekin indusketa bat abiatzeko: «Mundu guztiak esaten zidan bazegoela hobi bat eta nik erantzuten nien zabaldu beharko zela orduan, zerbait bazen ikusteko».

Urte luzez eskatutakoa joan den urtean bihurtu zen posible. Maiatzean lagina hartu eta ikusi zuten esamesek ziotena egia zela, gorpuak zeudela edo, behintzat, inoiz izan zirela bertan. Abenduan hasi zituzten lanak eta espero zuten baino gehiago aurkitu zuten orduan, 51 gudari eta milizianoren gorpuzkinak.

Aztertutako eremuaren ondoan zeuden harrizko sarkofago batzuen azpian gorpu gehiago zeudela ikusi eta Udalaren laguntzari esker hura kenduta, Aste Santuan berriz ere lanari ekingo diote.

«Hilerri guztietan egon dira hobi komunak. Arraroa dena da oraindik zerbait geratzea», azaldu du Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak. Izan ere, ez da ohikoa albistegietan horren hobi handien berri izatea.

Horrek, ordea, ez du esan nahi bila ibiltzen ez direnik. Sampedroren hitzetan, sarritan gertatzen da lekukoek emandako testigantzak ez direla guztiz zehatzak izaten eta gorpu bat bilatzera joandakoan ezer ez aurkitzea: «Hobi bat ez da hobi bat gorpua agertzen den arte». «Bitartean hobi bat egon daitekeela uste den tokia baino ez da», gaineratu du.

Herrastiren arabera, ohikoa da hilerrietan berritze lanak egiterakoan inoiz bertan egondako hobiak mugitzea, hori omen da gehienetan gertatzen dena. Kasu honetan ere, gorpuen gainean hondakinak aurkitu zituzten, hilerrian eraberritze lanak egindakoan bertara jaurtitakoak. Baina, zorionez, gorpuak ere bazeuden.

Zornotzan deigarria izan da emaitza: 51 gudari eta milizianoren gorpuzkinak aurkitu dituzte. Batzuk herrian garai batean izandako ospitale militarrean zendutakoak dira. Badakite horrela dela sendatu zituztelako eta modu jakin batean jarrita daudelako, besteak beste. «Badaude gorputz-adarren bat moztuta dutenak edo bendak dauzkatenak», azaldu du Sampedrok.

Beste batzuk gerra fronteetatik hilda jaitsitako hildakoak dira, bertan utzi beharrean hilerrian lur eman ziezaieten bertara eramandakoak. Momentuz ezin izan dute gorpurik identifikatu, Herrastik zein Sampedrok baieztatu dutenez, asko delako kontsultatu beharreko dokumentazioa eta senide askok ez dutelako DNA laginik emanda oraindik, konparatu ahal izateko.

ZERRENDA LUZEA

Gerra frontez inguratuta egon zen Zornotza 36ko gerra garaian: Bizkargin, Euban, Ondarroan... Beraz, jende ugari hil zen inguruetako fronteetan. Horien erregistroak egon badaude, ez den-denak, baina bai batzuk, eta dokumentuok bilatu eta aztertzeko lan mardula hartu du Sampedrok hobiaren berri izan zuenetik.

Zerrenda luzea osatu zuen boluntarioak, 300 pertsonatik gorakoa. Ez du uste guzti-guztiak Zornotzako hilerriko hobian egon daitezkeenik, baina litekeena da bertan dauden gorpuzkinak zerrenda luze horretan apuntatuta dauzkanetako gudari eta milizianoetako batzuenak izatea.

Sampedrok azaldu duenez, asko Euskal Herritik kanpokoak dira, «meatzari zonakoak», esaterako. Hobian aurkitu dituztenak, hain zuzen, ere gudariak dira, baina baita milizianoak ere. Horrek identifikazioa zaildu dezakeela uste du.

Hildakoen zerrendak aurkitzea ospitaletik zein frontetik bizirik irten zirenenak aurkitzea baino errazagoa dela azaldu du Sampedrok. Izan ere, oztopo nagusia dokumentazio hori lekualdatu izana edo desagerrarazi izana zen.

Hildakoak, ordea, ez ziren horren interesgarriak garai hartan izen bila zebiltzanentzat. «Errudunak bilatzen zituzten, eta hildakoak, errudun zein ez, hilda zeuden eta ez zitzaizkien interesatzen», azaldu du Sampedrok.

Abenduan zabaldu zuten esparruan hiru hobi banandu aurkitu zituzten, baita beste baten hasiera ere. Gainean eraikuntza bat zuenez eta denbora mugatua zenez, ezin izan zuten desobiratze lanekin jarraitu.

Aste Santuan itzuliko dira, beste behin ere, hipotesi askorekin baina zer aurkituko duten zehazki jakiterik gabe. «Hiruzpalau gorpu gehiago badaudela seguru dakigu, oinak ikusten zaizkielako», esan du Sampedrok.

Itxaropentsu helduko dio Aste Santuan aurrean duten lanari. Ziur jakiterik ez badago ere, uste du abenduan 50 gorputik gora aurkitu zituztenez, litekeena dela beste horrenbeste aurkitzea oraingoan ere.

Zalantzarik gabe esaten duenez, hirugarren fase bat egongo da, edo gehiago. Lan handia dute aurrean, eremu desberdinetan, gainera, eta ez da posible izango bigarren fase honetan dena egitea, inonik inora ere.

Gainera, abenduan indusketa lanetan ari zirela adineko emakume bat gerturatu zitzaiela kontatu du, definituta zeukaten eremutik harago ere hobiak bazeudela azaldu ziena. Apurka-apurka eta pausoz pauso egin beharko dute lana, eta luze joko du, dirudienez.

Luze joko dute desobiratze lanek eta are luzeago identifikazioek, dudarik gabe. Bertan dauden gorpuen bila ibilitako senideak gero eta gutxiago dira, denborak aurrera egin ahala hiltzen joan direlako eta, haiekin batera, bakoitzaren memoriak bakarrik gorde ditzakeen mina eta jakin-mina.

IDENTIFIKAZIOA

Hori dela eta, senideren bat gerran hil ziotela uste dutenek eta non dagoen ez dakitenek DNA laginak ematea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Sampedrok. Erraza da egin beharrekoaren berri jasotzea. Aranzadi Zientzia Elkartearekin zein Gogora Institutuarekin harremanetan jarri eta bertan azalduko diete interesa dutenei zer egin behar duten lagina har diezaieten.

Lagin hori Lakuako Gobernuak duen bankuan gordetzen dute, zerekin konparatu dagoen arte. Gorpuzkinak aurkitutakoan, posible den kasuetan, DNA ateratzen diete eta horrela lortu dute hainbat familiari beren senideen gorpuzkinak itzultzea.

Sampedrok azaldu du gerra garaian Ingalaterrara eraman zuten eta ordutik han bizi den pertsona bat jarri dela eurekin harremanetan, uste baitu senideren bat izan dezakeela Zornotzako hilerriko hobian. Bilatu dute modua, eta laster izango du DNA lagina emateko aukera.

BURUGOGORKERIA

Ez da egun batetik besterako kontua izan. Pentsa, ia urtebete igaro da lagina hartu zutenetik, eta oraindik lana daukate aurretik.

Sampedrok azaldu du baimenak lortzea ez dela beti erraza izaten eta, alde horretatik, Zornotzako Udalaren prestasuna eskertu nahi izan du, azpimarratuz udalaren borondaterik gabe ez dela posible horrelako lanak egitea.

Ekin eta ekin aritu behar izan dute urte askoan: «Burugogorkeriak mugitu duen gaia izan da».

BOLUNTARIOEN EZINBESTEKO LANA

Boluntario gisa jarduten dute indusketetan lanean ari diren gehienek. Horregatik egiten dituzte desobiratze lanak opor garaietan, bakoitzak baduelako bere lana hortik kanpora.

Ikasleak dira batzuk eta inoiz hobiren batean galduta senideren bat izan dutenak dira besteak, denak ala denak, ezinbestekoak memoria historikoarentzako horren garrantzitsua den lan honetan.

Badaude, halaber, Euskal Prospekzio Taldeko kideak ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak dira eta mendietan ibiltzen dira metal detektagailua eskuetan, hobiak egon daitezkeen tokiak identifikatzen.

Batzuetan gerrikoen belarriak aurkitzen dituzte, bertan pertsonaren baten gorpua dagoen edo egon den seinale. Besteetan, ordea, munizioa topatzen dute. Edonola ere, funtsezkoa da egiten duten lana, beti merezi duten eskertza jasotzen ez badute ere.



Emakumeen kartzelan hildakoak, non ote daude?

Askok ez dakite gaur egun El Carmelo Ikastetxea dagoen eraikinak, erregimen frankistak eratuta, emakumeen kartzela hartu zuela 1939tik 1947ra bitartean. Ospitale kartzela izan zen hainbat hilabetez eta Zornotzako Emakumeen Espetxe Zentrala, ondoren.

Hamar urte baino gutxiagoz funtzionatu zuen emakumezko preso politikoak eta haien seme-alaba txikiak giltzapean izateko zentro gisa. Hala ere, 42 andre eta bi urte ere bete gabe zituzten 6 ume hil ziren bertan.

Hildakoen erregistroa badago ere, ez dago gorpuak nora eraman zituzten zehazten duen dokumentaziorik. Alberto Sampedro Euskal Prospekzio Taldeko kidearen arabera, baliteke senideek gorpuak eskatu izana eta haien jatorrizko herrietara eraman izana.

Baina ez du uste horrelakorik jazo zenik. Izan ere, espainiar Estatuko toki ugaritatik ekarritako emakumeak ziren presoak, hala nola Badajoz eta Malagakoak. Kontuan hartuta gehienak baliabide ekonomiko askorik ez zuten familietakoak zirela, litekeena da kartzela bera arduratu izana gorpuez, senideek ez zeukatelako jaioterrira bueltan eramateko aukerarik.

Hori dela eta, hilerriko indusketa lanak hasitakoan emakume horien gorpuak aurkitzeko esperantza zeukaten Sampedrok zein Herrastik. Lehen fasean behintzat, ordea, ez dituzte aurkitu. «Baldin badaude, topatuko ditugu», esan du ziurtasunez Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak.

Dokumentazio gutxi dago Zornotzako emakumeen kartzelaren inguruan, baina dagoena Ascension Badiolak jaso zuen “Individuas peligrosas” liburuan. Bertan daude hainbat zerrenda, baita Tomasa Cuevas presoak jasotako testigantzak ere.

Hark egindako lanari esker dakigu presoek 40 zentimetroko zabalera zuten lastairetan lo egiten zutela eta mila emakume inguru izatera iritsi zirela. Hala ere, askoz ere preso gutxiago hartzeko prestatuta zegoen.

Gainezka zegoen kartzela, eta bizi baldintzez kexu ziren presoak, besteak beste, jateko ematen zietenaz, kopuruaz zein kalitateaz. Baldintza kaskarrak izanik, ez da harritzekoa sei ume hiltzea bertan, lau eta 22 hilabete bitartean zituztela, haien amen besoetan eta medikuen arretarik gabe, askotan. N. L.