GARA
IRUÑEA

83 sortzaileren lanak bildu ditu Artea Oinez erakusketak

Ireki ditu ateak Artea Oinez erakusketak. Euskal Herriko sortzaile esanguratsuenetakoak tartean direla, Iruñeko Kondestable Civivoxean maiatzaren 5era arte bisita daiteke. Miren Doiz artista iruindarra omenduko du.

Zenbait arte diziplina hartu ditu erakusketak.
Zenbait arte diziplina hartu ditu erakusketak. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Ixone Sadaba, Carlos Irijalba, Dora Salazar, Celia Eslava, Txuspo Poyo, Sergio Prego, Itziar Okariz, Manu Muniategiandikoetxea, Xabier Morras, Asier Mendizabal, Ibon Aranberri, Clemente Bernad, June Crespo... Zerrenda zabala da, askotarikoa euren artegintza eta sorkuntza. Hauexek dira aurtengo Artea Oinez erakusketako protagonistak.

Aurtengo edizioan presentzia berezia du Miren Doizek. Artista iruindarra omenduko du. Nazioarteko proiekzioa du. Bere ekoizpenak arte garaikidearen epizentroan kokatzen du, erro figuratiboko pintura eta abstraktuena konbinatuz, ikusleak bere buruari galde diezaion zer den erreala eta zer birsortua.

Bere lana pinturaren, instalazioaren eta argazkiaren artean kokatzen da, erabat piktorikoak ez diren materialen alde eginez. 2014an erakutsi zuen lehen aldiz Artea Oinez-en Miren Doizek. Harrezkero, urtero parte hartu du.

MUNDU IKUSKERAK

Denera 83 artistaren lanak jarri ditu ikusgai Nafarroako Ikastolen Elkarteak Artea Oinez erakusketan. «Beren sorkuntzen bidez, mundua ikusteko, ulertzeko eta islatzeko hainbat ahots eta modu eskaintzen dituzte -adierazi dute sustatzaileek-. Ibilbide desberdinak erakusketa gune berean daude eta bat egiten dute, eta elkarrizketa aberasgarria eta publiko desberdinekiko lotura ahalbidetzen dute».

Diziplina desberdinak aztertzen dituzten artistak direnez, erakusketak margolanak, eskulturak, argazkiak eta instalazioak hartu ditu, artearen eta haren adierazpen artistikoen ikuspegi orokorra emateko apustu gisa. Artistek, izan ere, hainbat teknika eta materialen erabilera aztertzen dituzte, hala nola aluminio, altzairu, argizari, olio, portzelana, oihal, PVC, tinta edo argazkiarena.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Elena Zabaletak, parte hartzen duten artistek erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu du; izan ere, horiek guztiak gabe, «ezinezkoa izango litzateke dagoeneko Nafarroako arte panoraman erreferente bilakatu den maila goreneko lanak dituen erakusketa hau».

FINKATUTAKOTIK AT PENTSATU

Carlos Arcelusek, Zangozako ikastolako lehendakariak, bestetik, ikastolen hezkuntza-eredua defendatu zuen: «Gure ereduak ikaste-prozesuaren erdigunean jartzen ditu haurrak eta prozesu horretan sormenak leku nabarmena du, finkatutakotik at pentsatzeko, irtenbide berriak aurkitzeko eta ideiak sortzeko gaitasuna baitakar».