EDITORIALA

Oroibidea eta «Erorien» gaineko erabakia

Nafarroako Gobernuaren Oroibidea artxibo digitalak frankismo garaian Nafarroan izandako errepresioari buruzko informazio gehiago eskaintzen du. Jende guztiarentzat eskuragarri dagoen informazio gehiago eta, orain sartutako hobekuntza eta prestazio berriekin, gatibualdian egon ziren pertsonen datuak errazago, modu irisgarriagoan eta lau hizkuntzatan jaso daitezke.

Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari Josemi Gastonek dioenez, «ezarri nahi diren ahanzturaren eta negazionismoaren aurka borrokatzen duen oroimena transmititzeko tresna» bihurtu da Oroibidea. Hala da, 23.000 biktimaren gaineko informazioa biltzen baitu: 244 hilobiren, 127 presondegiren, 20 kontzentrazio esparruren eta bortxazko lanen 45 batailoiren datuak. Gerra fronterik izan ez zen lurralde bateko datuak dira, ezarritako isiltasunaren eta beldurraren ondorioz hainbat hamarkadatan ezkutuan izan zen informazioa. Bitartean, denbora horretan guztian, biktima horien eragileak, «Jainkoaren eta Espainiaren aldeko Gurutzadan eroriak», etengabe omendu dituzte «Erorien» Monumentuarekin, biktima horien guztien iraingarri.

Monumentu hori eraisteko eskatzen duten elkarteekin bildu ondoren, legegintzaldi honetan haren inguruko konponbide bat lortzearen alde agertu zen atzo Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollo, «kontsentsu eta babes juridiko ahalik handienarekin». Mahai gainean dauden proiektuez gainera, monumentuari beste esanahi bat ematea baztertzen duen aukera ere badago: eraispena. Izan ere, sinbolo frankistak kenduta ere, frankismoaren omenezko eraikina da berez, Nafarroan diren «monumenturik gaitzesgarrienetako bat», Ollok berak atzo esan zuenez. Babes juridikoari dagokionez, gogorarazi beharra dago 2008an Nafarroako Auzitegi Administratiboak monumentu frankista zela ukatzen zuen irizpena eman zuela eta ondorengo ebazpen batzuek ere bide beretik jo dutela. Horrenbestez, ulergarria da kontseilariak babes juridiko handia behar dela sumatzea. Bestela esanda, zenbait ebazpen juridikotatik babestu beharra.