IRAITZ MATEO
DONOSTIA

2024ko Adarra saria Errobi taldearentzat, sortu eta 50 urtera

Errobi talde lapurtarrak eskuratuko du aurtengo Donostia Adarra saria. Ekainaren 21ean egingo da ospakizun kontzertua Victoria Eugenian. Anje Dualde eta Mixel Ducau izan ziren atzoko aurkezpenean, eta esker oneko hitzak besterik ez zituzten izan, orain arte Adarra saria jaso duten musikarien zerrendan egotea «ohorea» dela adieraziz. Egindako bidearen aitortza izango da saria, kantu tradizionalen eta soinu elektrikoen zubigintzaren isla.

Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldearen ordezkari, atzoko prentsaurrekoan.
Mixel Ducau eta Anje Duhalde, Errobi taldearen ordezkari, atzoko prentsaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Errobi taldeak eskuratu du 2024ko Adarra saria, atzo jakinarazi zutenez. Bidean elkartutako «korronte eta emariak» nabarmendu nahi izan dituzte sariarekin, taldeak 50 urte bete dituen urtean, «errekonozimendua» egiteko modu bat dela ulertuz. Ekainaren 21ean egingo dute kontzertua Victoria Eugenian, Donostian.

Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak hartu du erabakia. Batzordearen hitzetan, «Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia euskal musikan barneratzeko. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean». Fernandinok adierazi zuen erraz hartu zutela erabakia: «Baziren urte batzuk Errobi saria emateko taldeen zerrendan zegoela, eta urtemugarekin erraza izan da erabakia».

Anje Duhalde eta Mixel Ducau taldeko buruak izan ziren atzoko prentsaurrekoan eta saria esker onez eta ohore handiz hartuko dutela kontatu zuten: «Duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana edota uzta saritzen duen sari dotore hau ohorez hartzen dugu. Gora musika eta gora gure euskara».

JANTZI ELEKTRIKOEKIN

Duhaldek pozik jaso zuen berria, eta eskertza berezi bat eskaini nahi izan zion Juan Karlos Izagirreri: «Izagirre EH Bilduko alkatearen agintaldian asmatu zen sari hau, eta esker bereziak helarazi nahi nizkioke berari, apustu hau egiteagatik».

Errobi taldeak duela gutxi jakinarazi zuen maiatzaren 4an taldearen 50. urteurrenaren harira kontzertua egingo duela Bilbon; horren ostean egingo da Donostiakoa. Duhaldek iragarri zuen kontzertu bera izango dela bietan, «salbu animoa eta publikoa. Izozkailutik ateratako produktu bat egingo dugu, pixka bat hobetua», azaldu zuen irri artean. Beraien hiru diskoetan oinarritutako errepertorioa osatu dutela esan zuen, «kantuaz beste ez dugu besterik; gauza natural bat eskainiko dugu».

Ducau ere ados agertu zen eskaintzen dutena kontzertu soil bat dela: «Kantuak funtsez kantuak dira; elektrizitate pixka batekin janztea gustuko dugu, baina kantuak dira». Zein estilotan sakonduko duten galdetuta, estiloak ez dituztela bereizten erantzun zuen: «Gure kantuetan beti utzi diegu leku bat kantu tradizionalei, baina baita elektrikoei ere; ez ditugu estiloak bereizten, dena da ‘gu’».

Duhalderen ustez ere, Errobi ez da «rock talde bat bakarrik» izan. Haien lana kantu tradizionaletatik ateratako «inspirazio edo lanaren ondorioa» dela nabarmendu zuen; «ondorenaren ispilu izatea nahi genuen».

50 URTEKO EMARIA

1974an Donibane Garazin emandako kontzertua gogoratu zuten, beraien ibilbide osoa loriatsua ez zela izan kontatzeko: «Hirugarren kantuan areto erdia hustu zen, gazteak bakarrik geratu ziren. Entzule guztiak ez zeuden prest gure musikarako». Adierazi zuten mimo bereziz ari direla kontzertua prestatzen, «momentuko buruko mina entseguak egitea eta kantuak birgureganatzea».

Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra jasoko dute ekainaren 21ean, eta segidan kontzertua eskainiko dute. Anje Duhalde eta Mixel Ducaurekin batera Txomin Duhalde izango da baterian, Remi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan. Apirilaren 11tik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak Victoria Eugeniako leihatilan.