Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren senak

Senak adiera asko ditu. Testuinguruan kokatu ondoren aterako diogu zer aditzera eman nahi dugun. Instintua, trebezia, talentua, jeinua, gaitasuna, intuizioa, zentzua, ezaugarria, tenperamentu, izaera, jitea… Horiekin guztiekin osa dezakegu gura dugun musikaren sena. Musikaren doinuek, doinuen leloek, leloen melodiek eta abarrek garamatzate musikaren sen horietara guztietara.

Zein euskal abesti aukeratuko zenuke yogako meditaziorako? Korrika egiteko ze abesti eramango zenuke erritmoa mantentzeko? Eramaten al duzu doinuren bat ohera lo hartzeko? Maitasuna egiteko ba al duzu kantu kutunik? Larrua jotzen denean arnasketaren kadentzia garrantzitsua da lasaitasunez disfrutatzeko orgasmoaren klimaxa eta baita horra ailegatzeko bide luzea ere. Antsietateak birrinduta zauzkanean agian izango duzu abestiren bat pausatzeko tratu txar hori. Medikuek botika errezetatu beharrean musika eskainiko balute, zein artistaren doinuak entzutera gonbidatuko gintuzkete? Eta zein, sosegu pittin bat lortzeko? Barrikada gutxi egiten da egun, baina han egongo bagina zein aukeratuko genuke borrokarako? Isiltasunaren senak izango al du botereren bat musikari aurre egiteko? Doinuek gure gogo-aldartean eragina dute. Datu biometrikoak beharko genituzke kantuek duten indarra neurtzeko. Hipoxiatik urrunduta, aukeratu zure euskal abestia.