GARA
DONOSTIA

Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko ituna sinatuko du Lakuak

Donostiako Onkologikoa osasun zentroa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatzea onetsi zuen Lakuak atzo egin zuen Gobernu bileran.

Hitzarmenaren bidez egituratuko da Onkologikoa Osakidetzan integratzeko prozesua, eta prozesu hori gauzatuko da EAEko 2024ko ekitaldirako aurrekontu legearen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz egingo den dekretuan ezarritakoaren arabera.

Horrela osatuko da Osakidetzak Institutu Onkologikoarekin egindako ituna bere gain hartu zuenean 1988. urtean hasi zen prozesua. Itun horren ondoren, Osakidetzako pazienteentzako onkologia zerbitzuen kontratazioa arautzeko sinatutako beste itun batzuk etorri dira eta horiek dagoeneko Osasun Sailarekin sinatu dira. Ondoren, onkologia asistentziaren funtzionamendu integratuagoa ahalbidetuko zuen harreman eredua aldatzeari ekin zitzaion.

Osasun Sailak 2018-2023 aldirako EAEko Onkologia Plana prestatu zuen. Bertan definitzen den asistentzia ereduak diziplina anitzeko ikuspegia du; helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta esku hartze konplexuenak erreferentziazko unitateetan metatzea.

Bi ospitale egituren funtzionamendu integratua ikuspegi operatibo eta funtzionaletik errazteko lotura- hitzarmena 2018ko abenduan sinatu zen. Akordio horren indarraldia orain amaitzen da, eta Donostiako Onkologikoa zentroa Osakidetzan behin betiko integratzeko prozesuari bide eman zaio.