Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Erleak

Neroni eta jende askori gustatzen zaigu erleek egindako ezti goxoa. Eguraldia udaberri bete-betean den honetan, non urtaroari ederki izen ematen ari zaion, izan hotz, izan bero, hasi dira erleak beren polinizazio lanetan, lorerik lore. Baina nola eragiten die eguraldiak erleei? Erleek, beste intsektu askok bezala, ez dute hotza ongi eramaten. Udazken erdialdetik hasi eta negua ondo amaitu bitarte asko sufritzen dute eta normalean erlauntzetan babesturik egoten dira, tenperaturak 10 gradutik behera egiten badu, normalean hil egiten baitira.

Baina, askok uste dezakeenaren aurka, tenperatura altuegiek ere kalte egiten diete erleei. Batetik, ez dira tenperatura oso altuak jasateko gai; eta, bestetik, beren nektarraren kalitatea jaitsi egiten da, polenarekin batera, non orduan bai eztiaren eta bai argizagiaren kalitatea asko jaisten den. Horregatik da udaberri garaia garairik onena erleentzat. Batetik, tenperaturak oso egokiak dira bizirik irauteko, eta, bestetik, horrek berak haien polinizazio lana eta ezti eta argizagi produkzio hobea dakar.

Baina bada beste mehatxu bat hemen: aldaketa klimatikoa. Klima berotzen doan heinean, udako tenperaturak muturrekoagoak izan daitezkeenez, erleen biziraupena ere kalte dezake. Espero dezagun egoera ez okertzea, erleak behar ditugu eta.