GARA

BANDERA URDINA ALLOZKO URTEGIAN

Allozko urtegian (Nafarroa) dagoen Lerateko hondartzak uraren bikaintasuna, segurtasuna eta zerbitzuak aitortzen dituen bandera urdina jaso du lehenengoz aurten.

Allozko urtegiko hondartzak bandera urdina jaso du aurten lehenengo aldiz.
Allozko urtegiko hondartzak bandera urdina jaso du aurten lehenengo aldiz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Uraren bikaintasuna, bainularien segurtasuna eta hondartzako zerbitzuak aitortzen dituzten bandera urdinak jaso dituzte aurten Bakioko hondartzak, Arabako Uribarri urtegiko biek (Landa eta Garaio) eta, aurten lehenengo aldiz, Nafarroako Allozko urtegiko Lerateko hondartzak. Ingurumen Hezkuntzaren eta Kontsumitzailearen Elkarte espainolak (Adeac) sustatzen du ekimen hau eta 2024ko datuak argitaratu zituen atzo. Datu horietan nabarmentzen denez, Estatu espainolean iaz baino 18 bandera urdin gehiago lortu dira, horien artean Nafarroakoa: 638 hondartzak (2023an baino hamaika gehiagok), 102 kirol-portuk (2023an baino bost gehiagok) eta zazpi turismo-ontzik (2023an baino bi gehiagok) eskuratu dute. Mundu mailan, 52 estatutan eskaintzen dira sari urdin hauek. Estatu espainola da hondartzetako bereizgarri gehien dituena, Grezia eta Turkiaren aurretik. Kirol-portuei dagokienez, Herbehereak eta Estatu frantsesa dira buru eta Estatu espainola hirugarren postuan dago bandera urdinetan. Estatuko Turismo idazkari Rosario Sanchez Grauk itsasertza babestearen garrantzia azpimarratu zuen.