GARA
DONOSTIA

Karmeloko grebaren jarraipena nabarmendu du ELA sindikatuak

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileek lehen greba eguna zuten atzo. Bertako 42 lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea da helburua. Scientia School enpresak ikastetxea, eraikina barne, erosi zuen orain bost urte, eta ikasturte honen amaieran itxiko duela iragarri, «bertako langileentzat inolako irtenbiderik planteatu gabe eta beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa langileen ordezkariekin partekatu gabe», salatu dutenez.

ELA sindikatuak protestaren jarraipenaren balorazio «oso positiboa» egin zuen, eta nabarmendu zuen, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izanagatik ere, aukera izan zuten langile guztiek bat egin zutela grebarekin.

LAKUAREN ARDURA

Lehen egunean, Lakuako Gobernuaren eta Hezkuntza Sailaren ardura azpimarratu zuten langileek. Horregatik egin zuten kontzentrazioa Donostiako Andia kaleko egoitzaren aurrean.

Bertan, langileen ordezkariek Hezkuntza Sailari bilera eskaera bat helarazi zioten, eta auzi honetan duten erantzukizuna oroitarazi. Izan ere, itundutako hezkuntza ikastetxea da Karmelo eta, ondorioz, Hezkuntza Sailaren funts publikoen bidez finantzatuta dago.