Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

MKKB mapan ageri

Baten batek nonoiz esan hura neure egiten dut: Lurra gelditu dadila une batez, jaitsi gura dut eta! Ez dit ardura geltokirik ez bada ere, baina jaitsi, ostia! Benetan, planeta hau zoratu egin da, han-hemen, hortik ere pasatuta. Beti izan dira gerrak, urrun eta hur, beti terrorismoa, onargarria edo onartezina, beti armak, unean unekoak, beti zentroak eta zentralismoak, beti periferiak eta askatasun borroka, beti erlijioak, erlijiozaleak ere bai, beti lukurreruak, beti bankuak eta tenpluak… baina oraingoa? Aldrebesa, gero, gaurko mundua. Eta zoritxarreko kolpea! Aldatzen ez den bakarra politika instituzionala ulertzeko modua da, instituzio eta lege zaharrak edo (ILZ). Nahiz eta, egia esanda, zer edo zer ari den aldatzen hor ere; ez dute ba diplomaziazko hasierako erronda bera bazter utzi! Ama, ama, ikustekoak gara!

Horra, banku-borrokaren bertsio berriak (BBBB), erosteko eskaintza oldarkorra tarteko (EEO). Bata oldartzailea, oldartua bestea, baina lur-konkistetan ez bezala, banku-gerran akziodun guztiak irabazle. Nik kontseilu bat emango nieke, debalde, administrazio-kontseiluko hurrengo bilera nagusian nagusiak elkar jotzen hasteko... mugarik gabe, denbora hartu. Ondasuna gutxirentzat, hondamena askorentzat. Ama, odolak su gabe diraki! Akziodun gutxiago eta ekintzaile gehiago behar da, bestelako diru-bideak ganoraz jorratzeko.

Total, aldrebesa! Gazte garaiko iluntzeko zelula haien bileretako gai bat pasatu zait burutik, tendentziarako eskubidea. Ez dakit troskista, maoista, marxista edo zer -ista nintzen, baina hori beti mahaian. Bada, aitita haurdun! Gaur moja klaratarrek dute pauso hori emana! Prefostia! Pikutara Vatikanoko administrazio-kontseilua! Eskaintza oldarkorra, gero! Moja Klaratarren Komentu Batuak (MKKB) mapan ageri! Amen! Amen Jesus, jakina!