Gaizka IZAGIRRE
«NAUSICAÄ DEL VALLE DEL VIENTO»

Miyazakiren filmetan bizi nahiko nuke

Laster 40 urte beteko dira “Nausicaä“ (“Kaze no Tani no Naushika”) estreinatu zenetik, eta horregatik, zinemetan emango dute. Hayao Miyazakik zuzendutako animaziozko japoniar filma da, Topcraft estudioak ekoitzia, geroago Ghibli estudioa bihurtuko zena. Benetako gertakarietan oinarritu zen—50eko hamarkadan Japoniako Minamata hiriko merkurio bidezko pozoitze agerraldi bat — filma oinarrian duen Manga komikia sortzeko.

Etorkizun urrunean girotzen da istorioa. Apokalipsi bat gertatu eta mila urtera, Lurraren zati handi bat "Fukai" izeneko onddo batez estalita dago. Kontakizunaren erdigunean kokatzen den protagonista Nausicaä da, Haize Haraneko printzesa. 1984an estreinatu zenetik hona indarra hartu duen kontakizuna iruditzen zait, “modernoena” ere izan liteke akaso, edo hobekien zahartu dena agian. Ez naiz bere alor tekniko edo estetika koloretsuagatik ari -zentzu honetan oso gainetik dituen zenbait film daude-, muinean duen ingurumen mezu ahaltsuagatik baizik.

Bere filmografian sarritan egiten duen moduan, sinplea dirudien alegia baten aurrean kokatzen gaitu Miyazakik, baina mezu ekologista ahaltsu bat tarteko, planetaren etorkizuna geure esku dagoela gogorarazten digu. Gizakiok naturarekin dugun harremana edota ezezagunaren aurrean sentitzen dugun beldur irrazionala maiz errepikatzen dituen mezuak dira. Batzuetan Miyazakiren filmetan bizi nahiko nuke, “Nausicaä” ikusi nuenean pentsatu nuen lehen aldiz; hau izan zen bere obra osotik ezagutu nuen lehen istorioa, eta hipnotizatua utzi ninduen. “Chihiroren Bidaia”, “Totoro”, “Ipurtargien hilobia”, “Mononoke Printzesa” eta “Gaztelua zeruan” dira nire kutunak, baina hau ere maite dut. Ez galdu aukera harribitxi hau pantaila handian ikusteko, arren, zoragarria da.