Hogei urteko zigorra, Aroztegiko borrokaren kontrako mehatxua
Lekarozen 2021. urtean Aroztegia egitasmoari aurre egin zioten lagunen aurkako mehatxua ezagutu berri da: 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu dute zazpi lagunen kontra, «talde kriminala» osatzea egotzita. Elkartasun kanpaina abian da.

Baztanen hotela, golf-zelaia eta 200 etxebizitza eraikitzeko Aroztegia egitasmoak goitik behera astindu zuen bailara, bai eta beste herrialdeetako jendea ere. Horren adierazpen nagusia 2021ean izan zen, abiatutako lanak geldiaraztea lortu zenean. Orain, hiru urte igarota, auzi judizialak aurrerapausoa eman du: 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu dute borroka horretan parte hartu zuten zazpi pertsonen kontra.
«Aroztegiko borrokan egon garen urte guzti hauetan sistematikoki jazarpen judizial, polizial eta ekonomikoa pairatu dugu. Honetakoan, aldiz, marra gorri guztiak gainditu dituzte», salatu zuten atzo Lekarozen egindako agerraldian, mehatxu honen berri eman ondoren. «Talde kriminal antolatu bat» osatzea eta bortxa delituak egitea egozten diete.
Auzipetuek desobedientzia zibila baino ez zutela erabili nabarmendu zuten. Izan ere, egun haietan egindako kanpalditik zabaldu zituzten irudiek erakusten dutenez, eserialdiak egin zituzten makinen aurrean. Guardia Zibila bertan egon zen, poliziakide asko. Azkenean makinak eta kasetak kentzea lortu zuten. Handik urtebetera jakin zenez, makroproiektu horren bultzatzaileak 43 milioi euro eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei lanak bertan behera utzi izanagatik.
«EZ DUTE LORTUKO»
«Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela. Isilarazi nahi gaituzte, eta ez dute lortuko. Ez dezagun atzendu Nafarroako Gobernuak berak baztandarrei sorgor eginez sortutako egoera dugula hau eta borroka oraindik ez dela akitu: UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzeko erantzukizuna berea dela», azpimarratu zuten. Agerraldi oso jendetsua izan zen atzokoa: 270 lagun bildu ziren auzipetuei elkartasuna adierazteko, horrekin elkartasun kanpaina abiatuz.
Hala, dei egin zieten «Euskal Herriko eragile eta norbanakoei, pairatzen dugun errepresio ekonomikoaren aitzinean elkartasunez erantzutera». Eta irakurketa hau erantsi zuten: «Lurraren, kulturaren, hizkuntzaren eta bizitzaren defentsan desobedientzia zibila praktikatu dutenei errepresioarekin erantzuten diete, baina ez dugu onartuko. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, gure haritz zaharrak botarazi, gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu eta epaitegietarat igorri».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
