Mikel ZUBIMENDI
2020

Torrealdai: egin, eginarazi, egun bateko ez diren loreak ernaraziz

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Gaur lau urte, Joan Mari Torrealdai zendu zen, euskararen eta euskal kulturaren aldeko titana, erreferentzia nagusietakoa. Karisma handiko figura izan zen, ikertzaile eta ekintzailea, marko teorikoen zale baina oso praktikoa, dudarik gabe Euskal Herrian eragin handikoa.

77 urte zituen, eta 2015ean hezur-muineko minbizia zuela iragarri ziotenez geroztik, gaitzaren kontra borrokatzen jardun zen. Esanahiez beteriko iragarpena izan zen hura, torturari buruz Baionan Unibertsitateak antolatutako forum batean eginikoa. Izan ere, gaitza Guardia Zibilaren eskutan jasandako tratu ankerraren ondorio zela uste zuen, «mina hezur-muineraino sartu zidaten eta minbizia hezur-muinean agertu zait».

2003ko otsailean, “Euskaldunon Egunkaria”-ren kontra egindako operazioan atxilotu zuten. Torturatua, atxiloketaren ondotik, Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak espetxeratu egin zuen denbora batez, “Euskaldunon Egunkaria” ETA erakundearekin elkarlanean ari zela egotzita. 2010ean kargu guztietatik absolbitu zuten, gainerako inputatuekin batera.

Foruan jaio zen Torrealdai, 1942ko azaroan. 12 urterekin Arantzazuko seminariora sartu, frantziskotarretan ikasketak egin eta Okzitaniako Tolosan Teologian lizentziatu zen. Ondoren, ordena erlijiosotik bereizi zen. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziaduna, Soziologia eta Zientzia Politikoetako doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistaz egindako lanagatik. Aspalditik Usurbilen bizi zen.

“Jakin” aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1967tik 2014ra arte. Orduz geroztik, Jakin Fundazioaren lehendakaria. Euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan ibilbide zinez luze eta oparoa izan zuen: “Anaitasuna” hamaboskariaren zuzendaria, Elkar argitaletxearen sortzailea, “Euskaldunon Egunkaria”-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria, Udako Euskal Unibertsitatean, EKBn (Euskal Kulturaren Batzarrea), besteak beste. Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969-1977 aldian, eta Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria, 1979. eta 1980. urteetan. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainean, eta euskaltzain oso, 2007ko azaroan. 2017an euskaltzain oso emeritu izendatu zuen. 2011n Jose Antonio Arana Martija zenaren lekua hartu zuen Azkue Liburutegiko arduradun gisa. 2018an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren 50 urteak ospatzeko antolatu zuen biltzarrean Torrealdaik irakurri zuen “Euskara Batuaren Adierazpena”.

LAN ETA SARI UGARI

Saiakera eta kazetaritza arloetan lan asko egin zuen, euskarazko liburugintzaren soziologia erabili zuen bereziki bere lanetan. “Iraultzaz” (Jakin, 1973) saiakeraren ondoren, oihartzun handia izan zuen lan bat argitaratu zuen, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologikoa: “Euskal Idazleak gaur-Historia social de la lengua y literatura vasca” (1977). 1985ean “Euskal Telebista eta euskara” liburua argitaratu zuen Elkarrekin. Informazio Zientzietako lizentziaturako tesina zen, fakultate horretan euskaraz aurkeztu zen lehena.

1993an “XX. mendeko euskal liburuen katalogoa” kaleratu zuen, non XX. mendean euskaraz argitaratutako liburuen berri ematen zen. Eta 1997an, euskarazko kulturaren egoerari buruzko beste ikerketa soziologiko mardul bat, literatura erdigunean jarrita: “Euskal kultura gaur”.

1998an “El libro negro del euskera” (Ttarttalo) argitaratu zuen, non euskarak mendeetan zehar jasandako erasoak jaso zituen. Izan ere, zentsuraren ikerlari izateaz gain, biktima ere izan zen Torrealdai, “Jakin”-en itxierarekin lehenbizi eta “Egunkaria”-rekin gero.

Urte berean, Martin Ugalde idazlearen biografia plazaratu zuen: “Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena” (Elkarlanean). Data horietan “La censura de Franco y los escritores vascos del 98” (Ttarttalo) argitaratu zuen. Eta 2000. urtean, euskarazko liburuei ezarritako zentsura frankistari buruzko ikerketa: “Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983” (Susa).

Joan Mari Torrealdai, finean, Euskal Herriaren alde ideiak pentsatu eta eginarazten zituen kategoriako ekintzailea izan zen. Euskalgintzan, edo nahi bada kulturgintzan, herrigintzan finean, aztarna sakona utzi duen figura karismatikoa. Asko egin eta eginarazi zuen Torrealdaik, eragin handiko pertsona izan zen. Pentsalari eta soziologo praktikoa izan zen, talde eta programa askoren bultzatzaile. Izan euskal letren aurkako zentsuratik, izan liburua gizarte ispilu eta isla hartzen duen soziologiatik, edo izan kazetaritzatik, adarra zena zelakoa izanagatik ere beti zegoelako hor, enbor eginda, lur komun bat ongarrituz, egun batekoak ez diren loreak ernaraziz. Euskal Herria abiapuntu eta helburu beti.

ALKATE BAINO LEHEN AGUAZIL

Torrealdairen 60 urteko ibilbidea laburtzea ez da erraza. Obra itzela utzi zuen, 24 liburu, taldean egindako beste 47, artikuluak, tesiak... Pentsatu eta pentsarazi duen euskaltzaina izan zen, kontzientzia baten aldekoa, katea eten ez dadin. Ekintzaile fina izan zen, egin eta eginarazteko ahalmen handikoa.

Hainbat konstante izan eta makina bat enkargu utzi zituen, Euskal Herri osoko ikuspegiaz, zabaltasunez, adostasunez, plangintza eta metodoez, herri ekimenaren, antolaketaren eta egituren ezinbestekotasunaz. Militanteak eta profesionalak, bietatik behar duela euskarak. Euskalgintzaren autonomiaz, euskal kontzientziaz. Eta “Euskaldunon Egunkaria”-k, adibidez, bere sorreran zituen printzipioak berrirakurri eta bere itzalak erliebe osoa hartzen du. Kezka ere bazuen, jende gehiagok dakiela euskaraz baino euskara ez duela jende gehiagok hitzegiten.

Torrealdaik berezkoa eta betikoa zuelako euskal gizartea ezagutu eta ikertzea, ezagutuz aldatzeko beti. Beti desmemoria programatuaren kontra, alkate baino lehenago beti aguazil. Gugan bego.



[2020] «Han torturado a ‘nuestro Buero Vallejo’»

El mismo día en que Juan Mari Torrealdai moría, el periodista Iñaki Altuna se ponía delante del teclado para dejarnos un comentario sobre las torturas a las que le sometió la Guardia Civil. Fue torturado, salvajemente, porque no hay otra forma de hacerlo. Recuperamos sus reflexiones, que siguen dejando los pelos de punta.

Su artículo arrancaba con una frase que dijo Martxelo Otamendi, hasta el pasado año director de “Berria”, y de “Euskaldunon Egunkaria” por aquel entonces, cuando denunció las torturas sufridas también por él mismo tras el cierre del periódico: «Es que han torturado a Juan Mari Torrealdai, que es un prohombre en la cultura vasca, que es el bibliógrafo vasco por excelencia. Sería como torturar a Buero Vallejo en España, y en el País Vasco han torturado a ‘nuestro Buero Vallejo’».

La voz de Martxelo Otamendi sirvió para amplificar la denuncia. Habían torturado a un director de periódico, nada menos, y a otros de sus cargos más importantes. Habían torturado, como dijo Otamendi, a «nuestro Buero Vallejo». La denuncia ponía de manifiesto, para Altuna, una realidad terrible: «Si habían sido capaces de aquello, qué no se habían atrevido a hacer ya con personas mucho menos conocidas y con menor relevancia social. Qué no estarían dispuestos a hacer».