Ainhoa ESPINOZA

Urumea, Aste Nagusiko nobedade

«Donostiaren ardatza ez da Kontxa bakarrik, Urumea ibaia ere bada», eta horregatik protagonismo berezia izango du jaietan.

Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpen agerraldia ibaiertzera eraman zuten.
Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpen agerraldia ibaiertzera eraman zuten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Txomiñenean dagoen Urumeako pantalanean aurkeztu zuten atzo Donostiako Aste Nagusiko egitaraua, adin zein gustu guztietarako ekintzak biltzen dituena, Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak nabarmendu zutenez: su festa sonatuak, musika, sukaldaritza, herri kirolak, zaldi lasterketak, erraldoiak... Alkateak berak eman zuen ibaiak aurten izango duen protagonismo bereziaren berri: «Programazioak hainbat ekitaldi izango ditu ibaiaren baitan. Donostiaren ubidea, Donostiaren ardatza, ez da Kontxa bakarrik, Urumea ere bada». Jaiak prestatzen aritu diren ia 4.000 langile eta boluntarioei esker ona adierazi zien, «beraiek gabe ez litzatekeelako posible izango Aste Nagusia ospatzea». Hilaren 10ean, Olinpiar Jokoak amaitu bezperan, hasiko dira festak eta, horren aitzakian-edo, «kirol ikutua» eman nahi izan diete. Horren adibiderik garbiena da kanoikadaz eta “Artillero” kantatzeaz Bera Bera eskubaloi taldekoak arduratuko direla. Kursaal eremuak eta, zehatzago, beheko terrazak, hartuko du berrikuntza nagusietako bat: eguneko ohiko eskaintza gastronomikoaz gain, gauez musika egitaraua handitu egingo da.