GARA
GASTEIZ

Trenbidearen beste aldean, giro etengabea Gasteizko txosnetan

Abuztuaren 3ko iluntzetik giro berezia bizi du San Kristobal auzoak. Egun horretan ireki zituzten txosnak, Zeledonen jaitsieraren bezperan, larunbata zela baliatuz. Kontzertuek, afaltzeko aukerak edo bestelako kultura ekintzek adin orotako jendea elkartzen du.

Giroa Entxosnatu karpan, musikarien erritmora.
Giroa Entxosnatu karpan, musikarien erritmora. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urtero, abuztuaren 4tik 9ra arteko egunetan Gasteiz jendez lepo egoten da, goiz-goizetik, gaupasa egiten dutenak eta goiz esnatzen direnak elkartzen diren ordutik. Bereziki Alde Zaharrean eta hiriaren erdigunean antolatzen dira ekintza gehienak, beste auzoetan jendea desagertu egin dela dirudiela.

Hala ere, tren geltokitik trenbideak gurutzatuta, beste aldean ere jai-giroa eta jendetza egoten da, txosnetan. San Kristobal auzoa ezagutezina da egun hauetan, urtean zehar Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusa hartzen duen auzo lasaia da-eta. Batzuetan zaila egiten da kaleak ezagutzea ere.

Jaietako azken txanpan murgilduta bagaude ere, joan den larunbatetik egon dira irekita txosnak, Ticket Bai sistema ezartzera behartzen zituztelako aurreko asteetan protesta egin ondoren; irabazi asmorik gabeko taldeak direla argudiatu zuten.

AFALORDUAN HASTEN DA BENETAKO MUGIMENDUA

Eguerditik aurrera ekintzak izaten dituzte, baina afalorduan hasten da benetan jendea bertan elkartzen, ogitarteko bila. Horren ostean, Foru Plazan gauero izaten diren ohiko kontzertuek jende asko erakartzen badute, txosnagunea hutsago gelditzen da.

Baina San Kristobal auzoko txoko honetan ere egitaraua oparoa denez, kontzertuak hasten direnetik egunsentira arte txosnak jendez gainezka egoten dira, badagoelako gustu, musika eta giro aniztasuna ere. Eszenatoki nagusiko kontzertuak amaitzen direnean, gaueko ordu biak aldera, Entxosnatu Karpan batzen da jendetza, bai nerabeak, bai dagoeneko hain gazteak ez direnak. DJren baten emanaldi bat hasi ez bada, musika etengabe entzuten da.

Une horretako benetako erronka txosnaren bateko barran zerbait eskatzea da; batzuetan gerturatzea ere ezinezkoa da. Itxaroteaz aspertuz gero, hamar txosnetako beste batean saiatzeko aukera dago, baina badaezpada ere hobe da itxaropen handirik ez izatea.

Abarketan sartuta orduak daramatzaten oinek jasaten badute, txosna bakoitzean eta txoko guztietan musika mota ia guztietako erritmoekin dantzatzeko parada izango da.

Horrela, badira ia konturatu gabe eguna argitzen ikustera heltzen direnak, baita kontzertuen ondoren desagertzen direnak ere. Dena den, egunez egun eta nekea gorabehera, txosnetan ez dago etenik.

Atzoko eguna adibidetzat hartuta, Bengok, Roba Estesak, Zilibito Recordsek eta Buhosek girotu zuten eremua, besteak beste. Bihar, berriz, Nakar-en, Tatta & Densoren eta Benizzeren txanda izango da. Jai giroa ez da faltako.