GARA
DONOSTIA

Aldundiko ikurrina haga erdian, Peronaren omenez, Orion agurtu aurretik

Ubarretxena eta Mendoza, beilatokian.
Ubarretxena eta Mendoza, beilatokian. (UNANUE | EUROPA PRESS)

Ikurrina haga erdian jarri zuten atzo Gipuzkoako Aldundian, dolu gisa, joan den asteartean Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua hil baitzen bizikletan zihoala izandako istripu batean. Gaur arratsaldean izango da azken agurra Orioko San Nikolas Barikoa elizan, 18.00etan.

Perona astearte gauean hil zen. Bizikletan zebilen Zamorako Peleas de Abajo herrian, auto batek harrapatu zuen eta hil egin zen. Istripua 21.15ean gertatu zen. Peronarekin zihoan semea ere jo zuen autoak, baina mutikoa ondo dagoela adierazi zuten.

Aldundiaren egoitzaren kanpoko ikurrina haga erdira jaisteaz gain, barneko Gobernu Kontseiluaren aretoko ikurrina nagusian xingola beltz bat jarri zuten.

Perona diputatuaren gorpua dagoen Donostiako Errekaldeko beilatokian jarritako hil kaperan izan ziren Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak.

Lakuaren izenean Maria Ubarretxena bozeramailea eta Noel d’Anjou Ogasun kontseilaria iritsi ziren 10.00etan. Gipuzkoako diputatu eta diputatu ohiak ere bertan izan ziren, Eider Mendoza ahaldun nagusia buru zutela. Markel Olano diputatu nagusi ohia ere han zen.

Peronaren gorpua asteazken gauean ekarri zuten Zamoratik, eta hileta elizkizuna gaur arratsaldean izango da haren jaioterrian, Orion.

Zamora24horas.com agerkari digitalak zabaldu zuenez, Guardia Zibila jazotakoa ikertzen dabil. Dena den, kotxearen gidariari alkoholemia proba egin zioten eta negatibo eman zuen. Eguzkiak gidariari ikusmenean traba egin ziola da hipotesi nagusia.