Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute
Cementos Rezolako langileek greba mugagabean segitzea erabaki zuten atzo izandako langileen batzarrean. Pasatu den asteartean komitea enpresako zuzendaritzarekin bildu zen, eta proposamena ez onartzea erabaki zuten. 56 langile kaleratzeko arriskua dago.

Ekainaren 28an Añorgako Cementos Rezolako langileek greba mugabea abiatu zuten, gaur egun Heidelberg Materials izena hartu duen horretan. Enpresak ekainean langileei adierazi zien 56 lanpostu kenduko zituela. Hori jakindakoan ekin zioten greba mugagabeari. Protesten eta adostu gabeko negoziazioen ondoren hartutako azken erabakiaren berri abuztuaren 6an eman zuen enpresak: kaleratzeekin aurrera jarraituko dutela. Enpresako langileek, egoera honen aurrean, greban segitzea erabaki dutela aditzera eman zuen LABek ohar baten bidez atzo goizean.
Langileen batzarra atzo egin zuten eta «aho batez» greban jarraitzea erabaki zuten: «Akordio baterako baldintza hasiera-hasieratik izan da kaleratze traumatikorik ez egotea, baina ez da horrela izan». LAB sindikatuak adierazi zuen ez dela bermatu irteerak borondatezkoak izatea. «Horrez gain, enpresak langile jakin batzuk kaleratu nahi ditu gainerakoak baino baldintza okerragoetan», gehitu zuen sindikatuak, hedabideei bidalitako oharrean.
JARRAIPEN ZABALA
«LABek argi dauka kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela eta, zentzu horretan, borrokan jarraituko du lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan», nabarmendu zuen sindikatuak, hurrengo egunetan borrokarako dei eginez.
Hasieratik jarraipen handia izan du Añorgako enpresako grebak. Lehenengo egunean plantillaren %100ak greba egin zuen.
Komitearekin elkartzean, enpresak adierazi zuen «alternatiba laboral» bat proposatuko ziola kaleratutako langile bakoitzari: 15 laguni aurretiko erretiroa eskainiko diote; 30 langileri enpresa barruko birkokatzeak: 15 Arrigorriagan eta 15 Erresuma Batuan, Herbehereetan, Alemanian edo Italian; eta beste 11ri beste mota bateko birkokatzeak eskainiko dizkiote.
Langileek ez zuten akordio hori onartu eta borrokarekin aurrera egitea erabaki zuten. Atzo egindako langileen batzarrean berretsi zuten greba mugagabean segitzea.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
