GARA
IRUÑEA

Mugaz gaindiko moneta sozial berri baten aukera aztertuko dute Baztanen

Mugaz gaindiko moneta sozial baten bideragarritasuna ebaluatzeko ikerketa bat bultzatuko dute Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak. Ana Ollo bigarren lehendakariordeak eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak atzo sinatu zuten azterketa gauzatzeko hitzarmena.

Pirinioen bi aldeetako eragileekin batera ikertuko da Europan mugaz gaindikoa den gizarte moneta berri baten bideragarritasuna. Atzo sinatutako hitzarmenak 30.000 euroko aurrekontua du, eta urtebeteko iraupena izango duela adierazi zuten bi ordezkariek.

TOKIKOA INDARTU

Tokiko ekonomia indartzeko bide egokia izan daitekeela azaldu zuten aurkezpenean: «Moneta sozialek ez dute inoiz diru ofiziala ordezkatzen, baina gai dira eragin hirukoitza sortzeko: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Azken batean, herritarren inplikazioaren eta enpresen parte hartzearen mende egongo litzateke». Aipaturiko moneta sortzeak hurbileko produktuen kontsumoa igo dezakeela ere aurreikusten dutela azaldu dute.

Baztango Udalaren ardura izango da, ikerketaren ondorioak aztertu ostean, diseinatutako moneta sozial hori martxan jarri edo ez erabakitzea.