Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Jaietako alde iluna eta haren sustatzaileak

Gasteizko jaiak amaitu berri, ez dago haien alde gozagarria nabarmendu beharrik; parranda eta askotariko ikuskizunak, alderdi ludikoa, oro har, behar bezala izan dira nagusi, ohiko mailari eutsita. Zoritxarrez, alde ilunak ere eutsi dio bere mailari; esate baterako, eraso matxistei dagokienez. Zaharrak berri. Eta alde ilun horren mailak gora egin du zenbait arlotan, erakunde publikoen laguntza paregabeari esker.

Atzekoz aurrerako balantzea eginda, jaien azken egunean jakin genuen Arabako Foru Aldundiak zehapen-espedientea ireki diela zenbait txosnari, Ticket Bai sistema ez ezartzeagatik. Iruzurrari aurre egin eta legea betearazi beharra omen dago. Ados, baina horretarako badira irizpide batzuk, eta uste izatekoa da ez dela gauza bera negozio pribatu bat eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboen egun batzuetako jarduera.

Hori ulertzen eta ulertu nahi ez dutenez, ez da harritzekoa joan den astelehenean Gasteizko Udalak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari Urrezko Domina eman izana. 76ko martxoaren 3ko sarraskia izan zen hirian, hain zuzen, sarraski hartako biktimak bazter utzi dituen zentroari. Memoria Osoa plataformak salatu zuen bizikidetzaren aurkako erasoa dela. Nerea Martinez plataforma horretako kideak esan zuenez, erakunde eta alderdi instituzionalek muzin egin izan diete, eta eurek beren kabuz eutsi diote «memoriaren atal» horri, «Estatu indarkeriaren biktimen elkarteei eta herri mugimenduei esker». Orain, Udalak, bere jarrera zuzendu beharrean, bereizkeria saritu du.

Horrela ulergarriagoa da Udaltzaingoak Palestinako banderak jazarri izana jaien lehenengo egunean, txupinazoa jaurtitzeko orduan, Israelek eguneroko bonbardaketei ekin eta dozenaka palestinar xehatzen zituen bitartean. Elkartasuna erakusteko modu bat. Israeli.