AINHOA ESPINOZA
DONOSTIA
Entrevista
Ines Arrue eta Inge Ugarte
Donostiako Piratak

«Hau bada aldarri bat ere, geureak diren kaleak berreskuratzearena»

Abordatzearen eguna hemen da, baina Donostiako piraten ekimenak eta helburuak jai egun dibertigarri bat egitetik harago doaz. Inge Ugartek eta Ines Arruek laburbildu ziguten aurtengoa nola datorren, ostiralean, Flamenkaren muntaketa lanetan etenalditxo bat eginez. Jendarte oso zabalak parte hartzen du jaian, eta pixkanaka goraka doaz.

(Jon URBE | FOKU)

 

Nola dator aurtengo Abordatzea? Berritasunik ba al da?

Ines Arrue: Parte-hartzaileei bidali zaie, izena ematearekin batera, halako galdetegi moduko bat, kuadrilla horien ezaugarriak bilatuz. Horren arabera, kolore bat esleitu zaie, horrela, kolore bakoitzak kofradia bat aurkeztuz. Hemen hamar kofradia daude eta bakoitzak bere kofradiaren baloreak ordezkatzen dituen kolore bat dauka esleituta. Honela, jende berria pixkanaka mugimendura hurbiltzea da asmoa.

Hogei urtetik gorako ibilbidea du jada jai honek, osasuntsu segitzen al du?

Ines Arrue: Baietz uste dut. Eta froga hauxe da, hemen jarraitzen dugula 20 urteren bueltan, inoiz baino jende gehiagorekin, inoiz baino zabalagoa den mugimenduarekin. Baina aipatzekoa da, kofradiez aparte, badagoela bigarren eta hirugarren geruza bat; hau da, kofradietako kideak izan gabe zapia janzten dutenak edo bertara hurbiltzen direnak, Gipuzkoa mailan zein Euskal Herri mailan.

Jaiarekin eta aldarrikapenekin batera, Donostiako gazteak saretzeko balio al du ekimenak?

I.A: Balore batzuen barnean erakartzen ditugu gazteak, eta gero nik uste dut mugimenduak balio duela gazte horiek trebatzeko. Agian inoiz trebatu ez diren gazteak direlako, lehenengo aldiz hurbiltzen dira herri mugimendura eta bertan hamaika gauzatan trebatzen dira. Azkenean, hau eskola bat bezalakoa da, nork bere trebetasuna ateratzeko.

Inge Ugarte: Abordatze egunean pauso hori emateko aukera ere badago askotan, eta askok mugimenduan sartzeko baliatzen dute.

Aste Nagusiari kutsu herrikoia eman diozuela bistan da. Turismoaren hazkundearekin oraindik garrantzitsuagoa da helburu hori?

I.A: Garrantzitsua da gu hemen egotea, horrek esan nahi baitu geure espazioak hartzen jarraitzen dugula. Izan ere, bistakoa da turismoa gero eta zabalagoa dela urtean zehar, hau da, lehen uztailetik aurrera izaten zen turisten etorrera; orain, aldiz, martxotik aurrera hasten da olatu hori, Donostiako kaleak turistaz betez eta herritarrentzat ia tokirik utzi gabe. Orduan, hau bada erreibindikazio bat ere, kaleak berreskuratzearena; guk okupatzea, erabiltzea eta betetzea geureak diren espazio horiek.

I.U: Bai, eta erabiltzen dugun “Donostia abordatzera!” leloak ez du zentzurik galdu. Moldatzen joan da, mugimenduak eta mugimenduaren parte zen jendeak ere Donostian zeuzkan beharren arabera. Gaur egun turistifikazioa horren beste alderdi bat da.

Adin guztietakoek goza dezakete zuen eskaintzaz?

I.A: Hau da, hain zuzen ere, gure helburua. Kofradia ezberdinak daude eta horietan adin ezberdinetako jendea dago. Horretan batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago asmatuko dugu. Askotan jendeak utzi egiten du, jai hauetan parranda besterik egiten ez delakoan, baina hemen badago eguneko egitarau bat ere mundu guztiarentzat pentsatuta, eta bueno, zergatik ez da egongo adineko pertsona bat parrandan? Gure helburua herriarekin eta herriarentzat jai bat sortzea da. Azkenean, hori gara gu, alternatiba bat. Izan ere, ikusi dugu Udalaren festak ez direla guretzat, eta gu geu ari gara festak sortzen eta herriari festa hori eskaintzen.

I.U: Aurten egin den apustuak, “Lasta Karpa” formatu honek, beste giro bat eskaintzen du, lasaiagoa, ez parrandarena. Bestalde, gogoratu beharra dago Trinitate Plaza ere hor dagoela eta badela bertan beste giro bateko festa, lasaiagoa.

Flamenka gune oso atsegina eta gertukoa da. Txiki gelditzeko arriskua dago agian?

I.A: Hori ez da arriskua, nire ustez. Hau da, gure jai honek erreferentzialtasun garrantzitsuagoa hartzea ospatzekoa dela esango nuke. Donostia mailan ere lortu nahi dugu; auzoetara zabaltzen dugu festa, Intxaurrondora, Gros aldera eta beste periferia batzuetara. Beraz, honek gainezka egiten badu, gure helburua ongi betetzen ari garela esan nahiko du.

I.U: Jende ugariren inplikazioa eskatzen du jai honek. Azkenean, urte osoan zehar planifikatu dugun lan baten emaitza da eta izugarri jende pila ibiltzen da urtean zehar honetan.

Kontzertuetan joko duten taldeak Donostiakoak izango dira? Edo euskaldunak?

I.A: Hori bereziki zaintzen dugu. Euskal taldeei edo euskaraz kantatzen duten taldeei lehentasuna ematen diegu, eta gure bertako talentuak lehen lerrora eraman nahi ditugu. Emakumeak oholtzaratzea beste lehentasun bat da.

Eraso sexisten aurkako agerraldia egingo da abuztuaren 17an, eta gainera, hainbat puntu egongo dira edozeinek laguntzarik behar balu. Zein helburu markatu dituzue?

I.U: Kontzentrazioa egongo da, bai. Egoeraren arabera ikusiko da, finean oso zaila baita jakitea zer gertatuko den eta zer ez den gertatuko, baina zoritxarrez badakigu salatzeko zerbait gertatuko dela. Emaginekoek Bulebarrean jartzen dute beraien puntua Udalaren bidez. Guk ez dugu artatzerik egiten, gure gunera erasoren bat-edo jasan duen norbait agertzen bada, zuzenean Emaginengana laguntzen diogu pertsona horri. Izan ere, iruditzen zaigu erantzukizun profesional baten beharra dagoela.

Gasteizko txosnek arazoak izan dituzte Arabako Aldundiak TicketBai exijitu dielako. Honelako arriskurik ba al da Donostian ere?

I.A: Ogasuna ez da oraindik guregana etorri. Baina elkartasun keinu bat zabaldu behar diegu gasteiztarrei, herri mugimendua itotzeko beste saiakera bat jasan baitute.