Gonzalezen aurkako ikerketak martxan jarraitzen du Polonian
Poloniako Fiskaltzak adierazi duenez, duela ia bi aste Moskuren eta Mendebaldeko herrialdeen arteko trukean askatu zuten Pablo Gonzalez kazetariaren aurkako ikerketak irekita jarraitzen du. Poloniako legeen arabera, «in absentia» epaitu dezakete.

Przemysaw Nowak Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak atzo prentsari adierazi zioenez, Pablo Gonzalezen aurkako ikerketak aurrera jarraitzen du, nahiz eta oraindik ez duten formalki akusatu, eta baliteke «in absentia» epaiketa bat izatea.
«Poloniaren aurkako ekintzengatik Gonzalezen aurka irekitako ikerketa ez da itxi», ohartarazi zuen Nowakek, eta «legearen arabera, auzi ihesean akusatu dezakete, bera ez dagoela» zehaztu zuen. Lublingo Fiskaltzak (azken aldiz maiatzean luzatu zuen badaezpadako espetxeratzea) ez du oraingoz Gonzalezen aurkako akusaziorik formalizatu, Poloniako hedabideek aditzera eman dutenez.
Gonzalez 2022ko otsailean atxilotu zuten Polonian, Errusiarentzat espioi lanak egitea egotzita, eta ordutik behin-behineko espetxealdian egon zen abuztuaren 1era arte, Moskuren eta Mendebaldeko herrialdeen arteko presoen truke batean aske geratu zen arte.
Gonzalezekin batera beste kazetari bat ere atxilotu zuten duela bi urte eta erdi. Hasieratik aske geratu zen arren, haren aurkako izapideak ez dituzte oraindik itxi, aste honetan Poloniako hainbat hedabideek argitaratukoaren arabera.
BALDINTZA GOGORRETAN
Espetxetik irten eta bederatzi egunera, Errusian jaiotako komunikatzaileak elkarrizketa bat eskaini zion herrialde horretako hedabide bati, eta espetxean bizitako baldintza gogorrei buruz hitz egin zuen. Torturatu egin zutela kontatu zuen, eta suizidiora bultzatzen zutela.
Bestalde, jasotako tratu txarrak medio, 20 kilo galdu dituela ere azaldu zuen. Eta bereziki nabarmendu zuen akusaziorik ez duela: «Inoiz ez naute formalki akusatu».
Aipaturiko elkarrizketan salatu zuen atxilotua izan eta bederatzi hilabete igaro arte ezin izan zuela bere abokatu espainiarrarekin hitz egin. Hala ere, isolatuta egon zenean iritsi zela momenturik okerrena gehitu zuen, «nire buruaz beste egitera bultzatu nindutenean» aipatu zuen.
«Hainbeste presionatzen zaituztenean, frogarik ez dutela esan nahi du», esan zuen Gonzalezek, eta, aldi berean, preso poloniarrek lagundu ziotela adierazi zuen.
«Agente errusiarren eskuetan utzi gintuztenean konturatu nintzen jada ez ginela preso», kontatu zuen, eta bere ustez agindua Washingtondik iritsi zela gaineratu zuen.
«GIZON LIBREA»
Gonzalez askatu eta hurrengo egunean, GARAri eskainitako beste elkarrizketa batean, haren abokatu Gonzalo Boyek azaldu zuen sumarioa artxibatu egin zela eta kazetaria «gizon librea» zela. Abokatuak ere salatu zuen bi urtean akusazio formalik ez zela egon, «ezta epaiketa baten perspektibarik ere».
Euskal Herrira etortzeko asmoen inguruan galdetuta, Gonzalez dokumenturik gabe dagoela gogoratu zuen abokatuak: «Bidaia dokumentazioa Poloniako agintariek kendu zioten. Ez du ez nortasun agiririk, ez pasaporterik, ez ezer».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
