GARA
BARAKALDO

Tanzanian zauritutako aita-semeak Gurutzetako ospitalera iritsi ziren atzo

Gurutzetako ospitalea.
Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Atzo iritsi ziren Barakaldoko Gurutzetako Ospitalera abuztuaren 4an Tanzania bisitatzen ari zela trafiko istripua izan zuen Getxoko familiako aita eta semea. Orain arte Nairobiko Ospitalean egon dira. Ama eta alaba istripua gertatu zen unean bertan hil ziren

Lakuako Osasun Sailak adierazi zuen familiak kontratatutako bidaia aseguruak atzo bideratu zuela hegaldi bat aita-semeentzat. Astearte gauean iritsi ziren Loiura.

Atzo iluntzera arte, behintzat, aita traumatologia arloan ospitaleratuta zegoen, eta 15 urteko adingabea Anestesia eta Bizkortze Zerbitzuaren ardurapean geratu zen, tratamenduekin jarraitzeko.

ARRISKUTIK KANPO

Gorka Ojinaga Gurutzetako Ospitaleko Anestesia eta Bizkortze zerbitzuburuak aditzera eman zuen aitaren egoera ez dela larria eta traumatologia zerbitzuko ospitalizazio solairuan dagoela, eboluzioaren zain.

15 urteko semeak ere aurpegiko eta toraxeko traumatismoak ditu. Aita bezala, arriskutik kanpo dago. Suspertze zerbitzuan daukate, egoera egonkor batean, haren eboluzio klinikoaren zain, pronostiko erreserbatuarekin.