GARA
WASHINGTON

Elikagaien salneurriekin espekulatzea debekatu nahi du Harrisek

Kamala Harris AEBetako presidenteordeak elikagaien prezioen manipulazioa debekatzea proposatuko du gaur Ipar Carolinan, Etxe Zurirako hautagai demokrata gisa politika ekonomikoari buruz egingo duen lehen hitzaldian. Debeku horren helburua elikagaien sektoreko enpresek prezioak arra- zoirik gabe handitzea eragoztea da, eta presidenteordearen inflazioari aurre egiteko plan zabalago baten parte da.

Bere kanpainako arduradunek atzo zabaldu zutenez, presidente hautatuz gero, agintari gisa emango dituen lehen ehun egunetan, Harrisek elikagaien prezioen espekulazioaren lehen debeku federala ezartzeko asmoa du, arau argiak ezarriz korporazio handiek beren prezioak modu artifizialean altxa ez ditzaten. Ezarriz gero, planak aukera emango lieke estatuetako fiskal nagusiei eta Merkataritzako Batzorde Federalari debeku federal hori urratzen duten enpresak ikertzeko eta zigortzeko.

Lehiaren aurkako jardunbideei aurre egiteko inbertsioak eta elikagaien industriako enpresa txikiei laguntzeko funtsak jasotzen ditu. Era berean, hautagai demokrataren planak barnean hartzen ditu haragi prozesadoreak, gaur egun korporazio handiek menderatzen baitute sektore hori.