Ramon SOLA
DONOSTIA

La Cumbre, Estatu indarkeriaren Memoria Lekua izateko bidean

Sanchezen Gobernuak eta EH Bilduk duela bi urte pasatxo iragarritako akordioa gauzatzen hasteko urratsa eman dute azkenik Donostiako Udalak eta Lakuak, La Cumbre jauregiari dagokionez. Jada 41 urte igaro dira bertan Joxean Lasa eta Joxi Zabala gatibatu zituztenetik.

Lasatarrak, Izagirre eta Aizpuarekin, La Cumbren 2022an.
Lasatarrak, Izagirre eta Aizpuarekin, La Cumbren 2022an. (J. URBE | FOKU)

Pedro Sanchez buru duen Gobernu espainolak eta EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legea aurrera ateratzeko akordioa iragarri zuten 2022ko ekainean. Horrekin batera, Donostiako La Cumbre jauregia eta Iruñerriko Ezkabako espetxea izan zena Memoria Leku gisa izendatzeko konpromisoa hartu zuen Madrilgo Exekutiboak.

Egitasmo horren gauzapena zehazteko ardura, ordea, tokian tokiko erakundeei dagokie, eta orain arte kezka eragin du Donostiako Udalak urratsik egin ez izanak. EH Bilduk mahai gainean jarri zuen iaz urtebete, geldialdiari larritasuna emanez, are gehiago 2023ko uztaileko Estatu mailako hauteskundeetan eskuinak irabazteko aukera zuela kontuan harturik. Ez zen hori gertatu eta orain, beste urtebete pasatuta, Donostiako Udalak eta Lakuako Gobernuak lehenengo urratsa egin dute behingoz.

Vocento taldeko egunkariek joan den ostegunean argitaratu zutenez, lehen proposamen bat zehaztu dute EAJ-PSE koalizioaren eskuetan dauden bi gobernuek. Aldez aurretiko ideia batzuk barnebiltzen ditu, La Cumbrek zer adierazi behar lukeen nolabait zirriborratuz.

41 URTE PASATUTA

Bitxia da “El Diario Vasco-ren” lerroburua, bertan Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren kasuari buruzko gune bat izango dela nabarmendu baitute. Ezin zen beste modu batera izan, hauxe delako Aieteko jauregi hori Memoria Leku gisa izendatzeko arrazoia.

Jakina denez, eta kasu honetan Auzitegi Nazionalak berak frogatutzat eman zuen 2000. urtean, bi gazte tolosarrak eraikin horretan gatibatu eta torturatu zituzten Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buruak eta Julen Elgorriaga gobernadorearen agindupeetan ziren guardia zibilek.

Gobernu Zibilaren eraikina zen. Hiri erditik urrutiratutako tokia izanik, barrutik ateratzen ziren zaratak nekez entzun zitzakeen inork. 1983ko urrian gertatu zen hau. Geroztik 41 urte igaro dira, beraz; eta oraindik motel-motel dabil egitasmoa, azkeneko bi urte hauetan inolako aurrerapen praktikorik gabe. Politikoki, nagusiki EAJren esku diren bi erakundeek osatu dituzte irizpide nagusiak, baina PSOEri egokituko zaio erabakiak hartzea, aurrerantzean Gobernu espainola eta Lakuako Justizia Departamentuaren artean geratzen baita proiektuaren zehaztapena, eta azken honen kudeaketa PSEk hartu du, Maria Jesus San Jose sailburuak.

ESTATU INDARKERIA EDO ETARENA ERE BAI?

Zirriborro hori ez da publiko egin. EiTBk ziurtatu duenez, Lasa eta Zabalari egindakoak ez du soilik gogoratzeko gune bat izango, baizik eta Memoria Leku horren “ardatza” bilakatuko da. Iturri honen arabera, orokorrean Estatuak eragindako indarkeria erakutsi eta salatzeko tokia izango da La Cumbre jauregia, tortura eta gainerako eskubideen bortxaketak jasoz. Baina Vocentok ziurtatu zuen ETAren indarkeriaren atala ere landuko dela bertan. “El Diario Vasco”k erantsi zuenez, Gogora Institutuaren Gipuzkoako egoitza bilakatzeko aukera planteatzen da.

Azkenean, gertatzen dena gertatzen dela, jauregi horretan egindakoa aitortu du Estatuak, eta hau bada albistea. Izan ere, orain arte isilpean mantendu nahi izan du.

Hiru datu ematearren, Felipe Gonzalezen Gobernuak 1989an Europako gailur bateko bilerak ospatu zituen La Cumbren, gerra zikinerako erabilerari aipamenik batere egin gabe; Jose Maria Aznarrek 2003an Kultur Ondasun gisa izendatzeko prozesua abiatu zuen; eta 2014. urtean “Lasa eta Zabala” filma bertan grabatzeko eskaerari ezezkoa eman zion Madrilek.