Estatutua osatzeko falta diren transferentziak jasotzea lehentasuntzat jo du Lakuak
Estatutua osatzeko falta diren eskumenak lortzea lehentasuna da Ibone Bengoetxea lehendakariordearentzat. Estatus berriaren arloan akordio zabalak beharrezkoak direla nabarmendu zuen.

Gernikako Estatutua osatzeko falta diren transferentziak eskuratzea lehentasuntzat jo zuen atzo Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. Hori lortzeko, elkarrizketaren aldeko hautua egin zuen Bengoetxeak, Estatuarekin bialdeko batzordea martxan dela nabarmenduz.
Estatus berriari dagokionez, itun zabalak lortzearen alde azaldu zen lehendakariordea. «Jendearekin berba egin, jendearekin izan, jendeari entzun» egin behar dela gaineratu du. Dena den, gai honetan ardura nagusia alderdiena dela eta Gobernuak lortzen diren akordioak babestu behar dituela adierazi zuen.
Kontuak horrela, «akordio zabal» hauek lortzeko tokia Gasteizko Parlamentua dela esan zuen. Ondoren, Madrilgo Gorteen oniritzia eta herritarren babesa beharko liratekeela gaineratu zuen. Prozesu horretan guztian Gobernuaren lana «babestea» dela berretsi zuen.
URDAIBAI ETA EUSKARA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz galdetuta, eskualdeko herritarrek haien beharrak zeintzuk diren azaldu eta erakundeei horiei erantzutea dagokiela erantzun zien. Horrela, eskualderako plana martxan jarri dute, alor desberdinetan (garraioa, osasuna...) dauden arazoei erantzuteko.
«Kezka guztiak ulertzen ditut. Elkarrizketan sinisten dut. Plan osoa eztabaidatu beharko dugu, jendearen iritziak jasoz», adierazi zuen.
Euskara dela-eta, normalizazioaren kontrako azaldu diren epaiei buruzko kezka azaldu zuen. Euskara albiste negatiboetatik atera behar dela eta horretarako, beste behin, akordio zabalak beharrezkoak direla esan zuen. Eskolan euskarak bere lekua «irabazita» duela baina beste esparruetara hedatu behar dela adierazi zuen, Europan ofizialtasuna lortzearekin batera.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
