GARA
BILBO

Marijaiak festa aste luzeena dakar gaurtik aurrera Bilbora

Aste Nagusiaren ikurra heldu da eta berarekin dakartza bederatzi jai egun, prestatutako guztia ezin baita ohiko astebetean bildu. Ehunka ekitaldiri esker, gaurtik hilaren 25era, festa giro eta parrandarako ez dira aukerarik faltako. Konpartsek ere ondu dute haien egitaraua, Itsasadarra nabarmenduz.

Txosnei azken ukituak ematen ibili ziren atzo.
Txosnei azken ukituak ematen ibili ziren atzo. (Oskar MATZIN EDESA | FOKU)

Besoak zerura dituela Arriaga Antzokiko balkoira irtetean, urtebeteko itxaronaldia amaitu eta 44. Aste Nagusia zabalduko du Marijaiak. Baina hura agertu aurretik, Itziar Ituño aktore basauriarrak Aiora Renteria abeslariaren lekukoa hartuko du pregoilari gisa eta Txinbotarra konpartsako kide Nagore Ugartek suziria jaurtiko du. Eztandak inguruan bildutakoen poza lehertuko du, bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburura bertaratzen direnek jaien protagonistak berarekin dakartzan jarduerez gozatzeko parada izango baitute, hilaren 25ean su garretan erre arte.

Ondo pasatzea xede, kaleak dibertsioz eta ilusioz beteko dituzten 500dik gora ekitaldi antolatu ditu Bilboko Udalak: bertso saioak, bilbainadak, puzgarriak, lehiaketa gastronomikoak, zezensuzkoa... Ehun musika emanaldi baino gehiago ere badira, zortzi agertokitan banatuta. Aurrekoetan bezala, Abandoibarra eta Europa parkean, kontzertuak; Gizakundearen elizan, musika klasiko emanaldiak; Bilborock aretoan Bilbao Metal pop-rock erakusketa; Plaza Barrian, kulturarteko musika eta Udal Txistulari Bandaren saioak; Casilda Iturrizar parkeko Pergola agertokian, bilbainadak; Plaza Biribilean, dantzaldiak; Doña Casilda parkean, guatekeak; eta Areatzako kioskoan, Bilboko Udal Banda eta txistulariak.

Hilaren 24an, Bilboko Koral Elkarteak Itsasadarra zeharkatuko du “Kantuz kantu, zubiz zubi” errepertorioa eskainiz, Israel Santamaria Jazz Triok lagunduta. Itsas Museotik abiatuko dira 17.30ean.

Dianarekin batera hasiko da eguneroko zeregin zerrenda, eta denek izango dute zer hautatua. Plaza Barrian, kasurako, euskal dantza erakustaldiak, erromeriak edo alardeak egingo dituzte, baita Larrain Dantza herrikoia ere, hilaren 20an. Bizikidetzarena, aldiz, kale antzerkiaren plaza izango da. Bertan, hilaren 18tik 25era 23 ikuskizun eskainiko dituzte, adin guztiei bideratuak.

Kirol jarduera ugarien artean, asteazkenetik larunbatera, eguerdiro herri kirolen erakustaldia egingo dute Arriaga plazan. Pilota txapelketek, berriz, bi gune izango dituzte: Bizkaia Frontoian profesionalen esku pilotako XI. Bizkaia Torneoko finala eta esku pilota nahiz palako Aste Nagusia Torneoak jokatuko dituzte; Esperantza pilotalekuan, aldiz, Aste Nagusiko euskal pilota txapelketa, goizero, hilaren 17tik 24ra bitarte.

Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen traineru estropada bana jokatuko dira bihar Itsasadarrean.

Barraka guneak eta zirkuak ez dute hutsik egingo. Haurren eta helduen gozagarri, helduentzako hamaika aparatuk, haurrentzako hamalauk, eta askotariko hamazazpi postuk beteko dute Etxebarria parkea irailaren 1a arte.

Gauetako hitzordu ezinbestekoa, nola ez, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa da. Hilaren 17tik 23ra bitarte, zazpi su etxek beren bildumekin argituko dute gauero Bilboko zerua, 22.30ean hasita. Azken larunbatean, hilak 24, Arabako Valecea Pirotecniak erakustaldia egingo du.

FESTA ITSASADARRERA ZABALDUKO DUTE KONPARTSEK

Hilabetetan ondutako egitarau herrikoi, askotariko, doako eta parte hartzailea osatu dute berriro Bilboko Konpartsak Federazioak eta Konpartsek. Hilaren 17tik 25era, 600 ekitalditik gora burutuko dituzte, Jai Batzorde Mistoak prestatutakoez gain. Inguruko kulturgileekin eta kirol eragileekin elkarlanean, askotariko ekarpenak egingo dituzte. Kirol norgehiagoka ugari antolatu dituzte, eta batzuek Itsasadarrera «salto» egingo dute, Waterpolo txapelketan edo piragua zeharkaldian.

Urtero huts egiten ez duen osagaietako bat Lehiaketa Gastronomikoa da. Astelehenetik larunbatera, hilak 19tik 24ra, egingo dute Areatzan. Egunero plater desberdin bat prestatu beharko dute parte hartzaileek: pisto %100 begetala, patata tortilla, txipiroiak tintan, sukalkia, bakailaoa pil-pil eran eta marmitakoa. Ohi bezala, azken igandean, hilak 25, txapelketa herrikoia egingo dute. Orain arte zezen buztana prestatzen badute ere, aurten pasta da egin beharreko platera. Munduko txoko guztietan kozinatzen den jaki hori aukeratu dute jaien izaera herrikoia babesteko, txapelketa denon eskura jarrita.

Egunez izango diren dantza eta musika saioez gainera, gauez ere beste asko badira; tartean, zenbait euskal talderen kontzertuak. Batzuk aipatzearren, Ithaka, Bulego, Dupla, La Furia, Txapelpunk, Amooma, Etxekalte, Ama Say, The Cherry Boppers, Leihotikan edo Afrika.