Garazi CASTAÑO
DONOSTIA
Entrevista
USUA LASA
LABen Industria arduraduna Gipuzkoan

«Kaleratutako langileentzat ez dago bermerik, geratzen direnentzat ere ez»

Añorgako Cementos Rezolako 56 langileri eragingo die Heidelberg Materialsek martxan jarriko duen Lan Erregulaziorako Espedienteak. Horrenbestez, ekainaren 28an hasitako grebari eutsiko diote beharginek. Usua Lasa LABeko ordezkariak deskarbonizazio prozesua aitzakia bat dela dio, eta enpresaren benetako asmoa itxiera progresibo bat den beldur dira.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Langileen opor garaia hasteko unea aukeratu zuen Heidelberg Materials enpresak, Añorgako Cementos Rezolako fabrikan 56 langileri eragingo dien Lan Erregulaziorako Espedientea martxan jarriko zuela adierazteko. Deskarbonizazio prozesu bati ekiteko beharra argudiatu zuen taldeak eta, ondorioz, Añorgako lantegiko labe bat gelditu behar zela esan zuen. Hau jakin ondoren, ELAk eta LABek osatutako enpresa batzordea negoziatzen hasi zen, eta ekainaren 28an langileek grebari ekin zioten.

Elkarrizketak, ordea, antzuak izan dira. Negoziazioen epea amaituta, Heidelberg Materials enpresak espedientea aplikatzeko asmoa berretsi du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan. Langileek, beraz, grebari eustea erabaki dute.

Usua Lasa LABen Gipuzkoako Industria arduradunak NAIZ Irratian azaldutakoaren arabera, beste negoziazio batzuk espero dituzte orain, eta akordioak iritsi nahi dituzte.

AUKERA GALDUA

Orain arteko negoziazioek hainbat fase izan dituztela azaldu du Lasak. Enpresa batzordeak hasieratik bat egin du deskarbonizazio prozesuaren beharrarekin. Norabide horretan, batzordetik proposamen bat baino gehiago egin direla azaldu du sindikatu abertzaleko kideak, baina enpresaren asmoak eta nahiak bestelakoak direla ohartarazi du. Are, salatu du zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela inoiz izan.

Lasaren arabera, Cementos Rezolan aukera bat galdu da. «Enpresak berak onartzen du etorkizun baten karbono arrastorik gabeko porlana ekoitzi beharko duela eta horretarako instalazioak egokitu beharko dituela, langileak formatu...», esan du.

Hain justu, egiteko horiei ekitea eta lanpostuak behar berrietara moldatzea ziren batzordeak egindako proposamenen funtsa. Sindikatuko ordezkariaren esanetan, ordea, Heidelberg Materialsek ez du deskarbonizazio prozesu integralik proposatzen. Hala, Añorgan produkzio labe bat geldituko duela erabaki badu ere, clinkerra -zementuaren lehengai nagusia- ekoizten jarraituko du merkeagoa den lekuetan, zehazki, Arrigorriagako lantegian. «Clinkerra kamioietan ekarriko dute. Kutsadura eta CO2 isuriak berdin-berdin egongo dira», gaitzetsi du Usua Lasak.

Gainera, Añorgako lantegiko etorkizuna bera ere zalantzan dago. Ehun urtetik gorako instalazioak dira eta ekoizten jarraitzeko berrikuntza lanak behar dituzte. Enpresak 32 milioi euroko inbertsio bat aurreikusten du Añorgako zein Arrigorriagako fabriken deskarbonizaziorako, baina inbertsio hori ez dagoela bermatuta zehaztu du LABeko ordezkariak: «Susmoa dugu ea hau ez ote den izango faszikulutan egingo den itxiera bat».

«Orain kaleratutako Rezolako langileentzat ez dago bermerik, baina bertan gelditzen direnentzat ere ez», ohartarazi du LABeko ordezkariak.

BORONDATE «ERLATIBOA»

Oraindik ez da kaleratzerik gauzatu Rezolako lantegian, eta abuztuaren 31n hasiko direla espero dute langileek. Enpresak kaleratzeak soilik 4 direla esan arren, espedienteak 56 lagunen postuak suntsituko dituela azpimarratu du Lasak.

4 kaleratzeez gain, 16 langileri aurrejubilazio plan bat eskaini die. Hamar bat kasutan, gainera, aurrez adostuta bazeuden ere, espedientearen ondorioz baldintza kaxkarragoetan emango dira. Borondatezko irteerak, 26 birkokatze eta 10 lekualdatze (Arrigorriagara) dira gainerako kasuak. Hain justu, langileen borondatea «erlatiboa» dela adierazi du Lasak: «Borondatez aurkeztu diren langileek aukera gutxi zuten enpresaren erabakiaren aurrean. Kalera bidaliko zituzten berdin-berdin. Baldintza hobeetan edo okerragoetan egitea erabaki behar zuten».

GREBARI EUTSIKO DIOTE

Azken asteetan hainbat mobilizazio egin ditu enpresa batzordeak, Lan Erregulaziorako Espedientearen berri izan zuenetik, eta aurrerantzean ere grebari eutsiko diote. Langileentzat «kolpe gogorra» izan dela aitortu du Lasak eta «nekea handia» dela. Baina jasotako elkartasun keinuekin oso eskertuta daudela gaineratu du. Aste Nagusian murgilduta egon da Donostia, eta jai giroan ere entzun dira langileen aldarriak. Esne Beltzak Saguesetik eta Los Zopilotes Txirriaos La Flamenkatik, elkartasunez mintzatu ziren oholtzatik.