GARA
DONOSTIA

Odol bankuetako erreserbak igotzen ari dira, udako jaitsierari aurre eginez

Erizain bat, odola ateratzen, artxiboko irudian.
Erizain bat, odola ateratzen, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Odol bankuetako erreserbak hamar egunekoak izatetik bost egun artekoak izatera igaro ziren, udako odol emateen jaitsiera tarteko. Azken egunotan alarmak piztu ondoren, herritarren erantzunari esker, stocka «gutxika hazten» ari dela azaldu zuen atzo Nuria Patino Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteko sustapen arduradunak NAIZ irratian.

Odola emateko egin zen deialdi zabalari herritarrek «bikain» erantzun diotela azaldu zuen Patinok, eta, ondorioz, «pixkanaka erreserbak hobetzen» ari direla. Hala ere, odola emateko hitzordua hartzeko deia egin zion herritar orori.

Udan odol emateak asko jaitsi arren, Patinoren ustez gizartea «oso kontzientziatuta dago», eta horregatik ez da halako arazorik sortzen urtean zehar. Erizainak gogorarazi zuen ustekabeko ebakuntza baterako edo gaixo dagoen pertsona batentzat zein garrantzitsua den odol bankuetan erreserbak egotea: «Keinu txiki batekin jendeari bizitza salba diezaiokegu. Gaur ezezaguna izan daiteke odolaren beharra duena, baina bihar gu geu edo gure hurbileko norbait izan daiteke».

GAZTEEN BEHARRA

Odola ematearen ekintza «barneratuen» dutenak adineko herritarrak direla adierazi zuen, eta gazteengan ohitura hori sustatzea dela elkartearen helburua: «Gaztetatik odola ematen hasten badira, urte asko dauzkate odola emateko. Horregatik, gazteekin harremanetan egotea oso garrantzitsua da». Ikasleekin egiten duten lana txalotu zuen, eta odola emateko gonbidapena herritar denei zabaldu zien: «Odola eman, jendeari bizitza emateko».