GARA
BAIONA

Protokoloa aurkeztu dute Donibane Lohizunen, lan istripuen aurka

CGT, FSU, LAB eta Solidaires Pays sindikatuak Donibane Lohizunen bildu dira asteon, «lan istripuen aurka borrokatzeko lehen protokoloa» plazaratzeko. «Asko entzuten dugu laneko osasunari, kalitateari eta bizitzari buruz, baina inoiz ez laneko heriotzei buruz. Hala ere, asko ez gara etxera bizirik edo osasuntsu itzultzen lanaldiaren ondoren», dio dokumentuak.

Protokoloa oraindik «lehen hurbilketa» fasean dago, eta prozedurak ezartzen ditu «lantokian istripu hilgarria», «lanerako bidean istripu hilgarria», «lantokiko errepidean edo lanarekin zerikusia duen suizidioa» eta «laneko istripu larria» gertatzen denerako. Lau kasuetan, sindikatuek adostu dute mobilizatzea ezbeharra gertatu eta hurrengo ostiralean, inplikatutako langilearen bizitokiko udaletxean. Gainera, «baldintzek ahalbidetzen badute», «egun horretan bertan lanuztea edo eguneko greba sustatuko da enpresan». Protokoloa enpresetako ordezkari sindikalen artean banatzen hasi dira.

Halaber, sindikatuek apirilaren 28an, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Egunean, mobilizatzeko konpromisoa hartu dute. Intersindikalaren arabera, egunero langile bat hiltzen da bere lantokian frantziar Estatuan.