55 urteko langile bat hil da Arbizun, hiru metroko altueratik lurrera erorita
Hamar egunetan hiru lagunek bizia galdu dute lanean ari zirela Euskal Herrian. Atzo, 55 urteko langile bat hil zen, Arbizun, aldamio batetik lurrera erorita. Urtzubar industriagunean jazo zen ezbeharra.

Langile bat hil zen atzo lan istripuz, Arbizun. Zabaldutako lehenengo datuen arabera, 55 urteko gizonezko bat zen. Aldamio batetik erori omen zen, eguerdi partean. Albiste agentziek adierazitakoaren arabera, lurretik hiru metro ingurura omen zebilen lanean, baina kolpe latza hartu zuen.
Urtzubar industriagunean gertatu zen ezbeharra. Edizio hau ixterako orduan ez zegoen jazotakoaz datu gehiagorik, ez hildakoari buruz, ezta enpresaren gainean ere.
SOS Navarrak aditzera eman zuenez, eguerdiko 12.49an jaso zuen deia, eta helikoptero bat, bi anbulantzia eta Etxarri-Aranazko sendagilea bidali zituen lantegira. Gizona berpiztu zedin saiatu ziren, baina ahaleginak alferrik izan ziren eta zoritxarreko albistea jakinarazi behar izan zuten.
2017AN HASI ZIREN ERABILTZEN
LAB sindikatuak bildutako datuen arabera, 39 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Azkena Amezketan istripu larria izan zuen 30 urteko gaztea, duela hiru egun eskas. Mantenu lanak egiten ari zen paper lantegi batean izan zuen ezbeharra, eta hiru egun erietxean hil ala biziko egoeran eman ondoren, ostegunean zendu zen.
Azpikontratatuta zegoen Amezketan hildako langile gaztea, eta haren heriotza salatzeko igorritako oharrean, aipatu sindikatuak gogora ekarri zuen «azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari» dagokiola «gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea», eta, beraz, Aralar paper lantegiari kasu horretan. «Hau egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza. Onartezina da», gaineratu zuen.
Gainera, iragan abuztuaren 22an, Ataungo Lizarrustin basogintzan lanean ziharduen beste gizon bat hil zen, kasu honetan 61 urtekoa, gainera zuhaitz bat erori zitzaiolako. Beraz, hamar egun eskasetan, hiru langilek galdu dute bizia beren lan jardunean.
Iragan urtean 59 langile hil ziren Euskal Herrian, eta 2019tik gaur arte 269 dira lanean zendutako lagunak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
