GARA
BILBO

Hegazkin-bidaiarien eskubideei buruz agian ez dakizkizun hamar gauza

Erreklamatu abokatu taldeak egiaztatu duenez, hegazkin-bidaiarien eskubideei buruz ezezagutza handia dago oraindik, eta hamar puntutan laburbildu ditu, egoera gainditze aldera. Gorabeheraren bat gertatuz gero, beren eskubide guztiak ezagututa, lasai hartu ahal izango dute hegaldia bezeroek.

Loiuko aireportuko artxiboko irudia.
Loiuko aireportuko artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hamar urte baino gehiagoko esperientzia baliatuz eta hamaika erreklamazio kudeatu ondoren, Erreklamatu taldean egiaztatu dute bidaiariek ez dituztela ezagutzen hegaldi bat erosteak dakartzan eskubideak. Eta horiei laguntza eman nahian, zerrenda bat osatu dute, puntu garrantzitsuenak bilduz.

Hegaldia bertan behera geratzen bada, overbooking-a edo atzerapenak gertatzen badira edo ekipajearekin arazoren bat badago, aholku hauek oso baliagarriak lirateke bezeroen eskubideen alde egiteko.

HEGALDIA BERTAN BEHERA UZTEN BADUTE, KALTE-ORDAINA JASOTZEKO ESKUBIDEA.

Aire-konpainiek ordezko hegaldiak edo txartelaren prezioaren itzulera eskaini behar dizkiete bidaiariei. Baina jakin behar da aurrekoaz gain kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea ere badutela, betiere hegaldia bertan behera utzi izanaren arrazoia konpainiari egozten bazaio. Kalte-ordaina bertan behera utzitako hegaldiaren distantziaren araberakoa da.

Horrez gain, overbooking-a gertatzen denean, aire-konpainiek konpentsazio aukera zabala eskaintzen diete kaltetutako bidaiariei: hegaldiak, business class-eko txartelak, aurreragoko bidaietarako puntuak... Horrekin batera, 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordaina ematen diote aire-konpainiek bezeroari, kontratatuta zegoen hegaldiaren distantziaren arabera.

BESTE HEGALDI BAT ESKAINTZEN EZ BADIZUTE, ZUK EROSI ETA AIRE-KONPAINIAK ORDAINDU BEHARKO DIZU.

Batzuetan aire-konpainia ez da arduratzen bidaiariez. Horrelakoetan, Erreklamatuk planteatzen duenez, zeure kasa moldatu eta beste tiket bat lortu beharko duzu. Nolanahi ere, bidaia horretako faktura guztiak gorde, geroago horien dirua itzultzea eskatu ahal delako hegaldia bertan behera utzi duen konpainiari.

BEZEROAK EGIN EZ DITUEN JARDUERENGATIK KALTE-ORDAINA JASOTZEA.

Batzuetan, hegaldi bat bertan behera utzi edo atzeratzearen ondorioz erabiltzaileak galduko ditu kontratatuta zeuzkan zerbitzu batzuk: hoteleko gauak, txangoak, ibilgailuen alokairua, ikuskizunetarako sarrerak... Egoera horietan, kalte-ordaina eska daiteke; gorabeheraren ondorioz eginda ez dauden jardueren balioa bezainbestekoa, baldin eta ordainagiriak aurkezten badira.

KALTE-ORDAINA JASOTZEKO ESKUBIDEA ATZERAPEN HANDIA GERTATZEN DENEAN.

Hegaldia bere iritsiera-ordua baino hiru ordu beranduago iristen denean, adibidez, 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordain ekonomikoa jasotzea dagokio bezeroari, betiere hegaldiaren distantziaren arabera. Era berean, atzerapenagatik ondorengo hegaldia galdu badu, konpainiak ordezko garraiobide bat jarri beharko dio.

KONPENTSAZIOA, EKIPAJEA GALTZEAGATIK EDO BERANDU ENTREGATZEAGATIK.

Erreklamatuk azpimarratzen duenez, lehenengo eta behin gorabehera horietarako dagoen informazio-mahaira joan behar da eta han Ekipajearen Irregulartasunaren Agiria bete (PIR, Property Irregularity Report). Tramite hori ezinbestekoa da ondoren erreklamazioa egin ahal izateko, bi urteko epean.

Maleta 21 eguneko epean agertzen bada, entregan izandako atzerapenagatik erreklamatu daiteke. Betiere kontuan hartuz kasu bakoitzaren araberakoa izango dela kalte-ordaina, baina 50 euro inguru izan ohi dira atzerapen egun bakoitzeko, gehienez ere 1.421 euro pertsonako.

Maleta ez bada 21 eguneko epean agertzen, konpainiak galdutzat emango du eta kalte-ordain ekonomikoa eskatzeko eskubidea izango du bezeroak. Kasu honetan ez dago kalte-ordain automatikorik, eta Montrealgo Itunean ezarrita dago gehieneko konpentsazioa 1.421 eurokoa dela pertsona bakoitzeko, gehienez. Beraz, beharrezkoa da gorabehera osorik justifikatzea eta ahalik eta dokumentazio gehien aurkeztea.

Ekipajea galtzen denean, bezeroaren gauzak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko ditu honek beharbada: higienerako produktuak, jantziak, lanerako beharrezkoak dituen tresnak, esaterako. Beraz, gauza horien guztien tiket eta faktura guztiak gorde behar dira, diru hori ere erreklamatzeko eskubidea duelako bezeroak.

ERREKLAMAZIOA EGITEKO BOST URTEKO EPEA DU BEZEROAK.

Kalte-ordaina lortzeko, jakin behar da bost urteko epea duela bezeroak, baina Erreklamatu taldearen gomendioa bidaiatu ondorengo asteetan egitea da, horrela beharrezkoa den dokumentazio guztia eskura izango duelako bezeroak.